«Larunbatean ez noa ezer berrestera»
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa azken txanpan da. Larunbatean egingo dute finala Illunben, eta oholtza gainera igoko diren zortzi finalistetako bat da Beñat Gaztelumendi (Añorga, 1987). Bertsolariak laugarren aldiz kantatuko du Gipuzkoako txapelketako finalean.
Zer moduz zaude?
Egia esanda, ondo. Txapelketa ondo joan da, eta prozesua bera ere polita izan da, taldean entrenatzeko aukera izan dudalako. Aurten besteekin partekatzeko espazio asko aurkitu ditut, eta alde horretatik oso gustura nago. Bestalde, final baten aurretik betikoa gertatzen zait: ondo egindako lanaren konfiantza daukat, baina beti gelditzen da duda bat, ea egunean bertan nola egongo naizen, nola jaikiko naizen, Illunben egoteak nola eragingo didan, eta abar. Biak dauzkat, konfiantza eta beldur puntu hori.
Zer egingo duzu larunbatean, esnatzen zaren unetik saioa hasi arte?
Garai batean dezente planifikatzen nituen ordu horiek, baina, orain, unean ateratzen zaidana egingo dut. Normalean bueltatxo bat ematen dut, eta saiatzen naiz lo asko egiten, bederatzi edo hamar ordu. Finalaren aurreko egunetan, konturatu ez arren, sekulako egurra ematen diogu gorputzari, eta lo dezente egiteak laguntzen du ondo egoten eta zentratzen.
Aurreko Gipuzkoako txapelketan lortutako txapela berretsi beharrak, berria irabazi nahiak baino tentsio gehiago eragiten dizu?
Larunbatean ez noa ezer berrestera. Orain dela lau urte ni gelditu nintzen txapeldun, baina uste dut lau urte hauetan gizartea eta bertsolaritza asko aldatu direla, zortzikotea ikusi besterik ez dago. Ni ere ez nago duela lau urteko leku berean, eta orain nagoen leku horretatik kantatzera joango naiz larunbatean. Alde horretatik, duela lau urte lortu nuena lortzeak patxada bat ere ematen dit, hori jada eginda dagoelako, eta beste zerbait egitea tokatzen delako. Beraz, hamabost bertso kantatuko ditugu, eta bertso bakoitza aukera gisa hartuko dut. Bakoitza aprobetxatzen saiatuko naiz, eta hortik aurrerakoa, ez dago nire esku.
Azaldu ditzakezu aipatu dituzun aldaketa horiek?
Nik uste dut denok ikusten dugula gizartea aldatu dela. Bertsolaritzan, 2017ko Txapelketa Nagusia mugarri bat izan zen, batez ere, feminismotik etorri diren korronteei dagokionez. Badira urteak diskurtso berriak sartzen hasi zirela, baina 2017. urtearen inguruan egindako egituratze eta saretze maila zerbait berria da. Nire ustez horrek asko eragin du. Hain zuzen, horrek bertsotan egiteko modu berriak ekarri ditu.
Pertsonalki, aurreko Gipuzkoako Txapelketan oso gustura gelditu nintzen, baina geroko bidea pixka bat gorabeheratsua izan da. Txapela janzteak lasaitasuna eragin zidan, baina aurreko Txapelketa Nagusian ez nintzen kokatu nik kokatu nahi nuen tokian, eta gauza asko gainetik pasa zitzaizkidan; ez nuen jakin neure burua bilatzen. Orain, aldiz, badaukat sentsazioa kokatuta nagoela, eta nagoen lekuan nagoela sentitzen dut. Hortik kantatu nahi dut larunbatean.
Aipatu zenuen ere bertsolari askok lehiakortasunetik kantatzetik, modu kooperatiboan abestera pasa zaretela. Zer esan nahi du horrek?
Guk ezagutu dugun bertsolaritza oso dialektikoa izan da. Ohitu gara bertsolari eredu zehatz batekin: bertsolari batek arrazoia bota, eta besteak beste arrazoi handiago bat erantzun, bat bestearen parez pare kokatuta, modu frontalean. Badira urte batzuk bestelako eredu batzuk agertu direnak, eta gai baten aurrean, zuzenean beste bertso-kidearen kontra kokatu beharrean, eta biak denean ados egon ez arren, biek batera gaiari bide berriak irekitzea. Bide horiek lehendik ere egiten ari ziren, baina Gipuzkoako Txapelketa honetan inoiz baino saio kolaboratzaile gehiago ikusi direla uste dut.
Hori gertatzeko, publikoak ere modu jakin batekoa izan behar du. Beti bezala hezitako publiko batek hori baloratzea zaila da, eta azken urteetan publiko berri bat sartu da. Hiritik dezente daukan publikoa da, belaunaldi berriak, feminismotik datorrena, eta bertsolaritza beste leku batetik ikusten dutenak, eta publiko hori dagoen plazetan posible da horrelako bertsolaritza egitea. Gainera, hori baloratzen zaizula sentitzea errazagoa da. Txapelketako saio batzuetan hori gertatu da, eta finala ere horrelakoa izan daitekeela uste dut.
Lau gizon eta lau emakume iritsi zarete finalera. Txapelketa parekidea izan da aurtengoa?
Txapelketa udaberrian hasi zen, eta ez nuke jakingo datu zehatza ematen, baina, esango nuke gizonezkoak %90 inguru izan direla. Faseak aurrera joan ahala, emakume proportzioa handitu egin da, seguru asko, emakume horiek exijentzia maila altuagoa izan dutelako. Bertsolaritzan gauza asko ditugu egiteko, eta horietako bat da profil horiei buelta bat ematea; ez da posible mutilak lasai eta denbora pasa joatea txapelketara, eta emakumeek hori egin ahal ez izatea. Gainera, uste dut publikoak ez gaituztela berdin epaitzen.
Era berean, sentsazioa daukat asko eragiten ditugula taldea nondik egiten dugun. Hau da, beti esaten dugu bertso saio bat taldeko zerbait dela eta horrela bizitzen dugula, eta ikusten du errazago taldekatzen garela gizonak gizonen artean. Taldekatzea ez da bakarrik laguntasun edo kolegeo kontu bat, bada ere erabakitzea lehia testuinguru batean zein den autoritatea ematen diozun pertsona. Gure kasuan, uste dut gizonen artean errazago egiten dugula hori. Bertsolari gizon gisa, tokatzen zaigu hortik gure buruari galderak egitea.
Xabier Gaztelumendik, zure aitak, jarriko dio txapeldunari txapela. Nola bizi duzu hori?
Guri bada denbora antolakuntzatik esan zigutela aita izango zela txapel-emailea, eta ariketa bat egin behar izan dut horren aurrean neure burua kokatzeko. Bi gauza bereizten ditut: alde batetik, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak nire aitari egin dion aitortza, urtetan egindako lanarengatik; eta bestetik, nik finalean nola egingo dudan bertsotan eta horren emaitza zein izango den.
Nik ez dut nahi nik egingo dudanak aitak jasotako aitortzari itzal egitea. Irabazten badut, ez nuke nahiko horrek aitaren aitortzan eragiterik, eta irabazten ez badut, gauza berdina. Halaber, beti da berezia etxeko norbaitekin horrelako momentu bat konpartitzea. Gure aitari ez zaio batere gustatzen jendaurrean agertzea, eta den bezala izanda, egun hauek euforiatik bizitzen ari da, baina berea ez den leku batean dagoela ere sentitzen du. Polita da gure aita bezalako pertsona batek horrelako ohorea jasotzea, eta asko betetzen nau horrek. Asko pozten nau aita hor ikusteak.
Honakoak dira Illunbeko oholtza gainera igoko diren zortzi finalistak: