Musika Kontserbatorioak eraikinetik kanporatu nahi duela salatu du Goizaldi dantza taldeak
Francisco Escudero Kontserbatorioak Goizaldi dantza taldeak Easo kaleko eraikinean duen lokalera sartzeko sarraila aldatu zuen asteazkenean, dantza taldeko kideen baimenik gabe. Goizaldiko kideek salatu dutenez, kontserbatorioko zuzendaritzak haiek eraikinetik kanporatzeko asmoa dauka, eraikina erabiltzeko duten zilegitasuna aitortu gabe.
Bi erakundeen egoitza den eraikina Donostiako Udalarena da, baina hura erabiltzeko eskumena, berriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarena da 1998tik. Dantza taldeko kideek azaldu dutenez, udalak 1948an utzi zien eraikinaren sotoan entseguetarako eta materiala gordetzeko erabiltzen duten lokala, eta hor egoteko zilegitasuna ematen dizkien dokumentuek balioa izaten jarraitzen dutela azaldu dute: “Kontserbatorioa ez da eraikinaren erabiltzaile bakarra. Gu ere hor gaude, eta gure espazioa erabiltzeko eskubide osoa dugu”.
Kontserbatorioko zuzendaritzak, ordea, beste modu batera ikusten ditu gauzak, eta dantza taldea bere baldintzetara egokitzera behartu nahi du. Zuzendaritzak nabarmendu du kontserbatorioak araudi bat eta ordutegi bat dituela, eta Goizaldiko kideek horietatik kanpo jardun dutela azpimarratuz, sarraila aldatzera behartuak egon direla argudiatu du: “Eraikin barruan gertatzen denaren ardura gurea da, eta arauak bete egin behar dira”.
Kontserbatorioak azaldu du Goizaldeko kideek sarraila berriaren giltza atezaintzan jaso dezaketela, betiere bere ordutegien barruan bada eta gero giltza bueltatzen badute. Goizaldikoak, ordea, ez daude ados zuzendaritzak ezarri nahi dien funtzionamenduarekin, eta neurri legalak hartzeko prest daudela adierazi dute.
Lokalarentzako erabilera berri bat
Dantza taldea eraikinetik kanporatzeko borondatea duela ukatu duen arren, kontserbatorioko zuzendaritzak onartu du Goizaldiren lokala eraikina irisgarriagoa egiteko baliatu nahi duela. Hain zuzen, espazio hori hilabete gutxi barru igogailu bat eraikitzeko erabili nahi du, dantza taldearen baimenik gabe. “Eraikinak lan batzuk behar ditu, eta dantza taldeak beste espazio bat bilatu beharko du”, adierazi du zuzendaritzak.
Goizaldek, berriz, azaldu du kontserbatorioarekin gaiari buruz hitz egiteko bildu izan dela, baina zuzendaritzak une oro jarrera “itxia” izan duela zehaztu dute bere kideek: “Izan ditugun bileretan, zuzendaritza jarrera oso itxiarekin topatu dugu, eta lokal hori erabiltzeko dugun eskubidea ukatu digu, egoera legal lauso batean gaudela argudiatuz”.
Ez da lehen aldia izan
Goizaldik gogoratu duenez, kontserbatorioaren zuzendaritzak dantza taldea eraikinetik kanporatzeko beste saiakera bat egin zuen 2005ean. Urte horretan ere sarraila aldatu zien, baina udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzari esker, Goizaldik bere lokalera bueltatzea lortu zuen azkenean.
Gatazka berri honi dagokionez, dantza taldeko kideek iragarri dute dagoeneko udalarekin hitzartuta daudela, eta honakoan ere erakundeek haien arazoari irtenbide bat topatzen laguntzea espero dute: “Hamarkadak daramatzagu hor, gure lokalean, baina orain entseatzeko lekurik gabe geratu gara”.