Beñat Gaztelumendiren buruan jarraituko du Gipuzkoako txapelak
940,5 puntu lortu ditu Beñat Gaztelumendik, eta bere aitak, Xabier Gaztelumendik, jantzi dio txapela.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelak buru berean jarraituko du, Beñat Gaztelumendi Arandiarenean. Añorgakoak bigarren aldiz irabazi du txapelketa, eta Agin Laburu Rezolarekin aritu da buruz-burukoan.
Guztira, 940,5 puntu lortu ditu Gaztelumendik, eta bere aitak, Xabier Gaztelumendik jantzi dio txapela. Inoiz bizi gabeko unea izan da, txapelketa batean lehen aldiz jarri baitio txapela guraso batek semeari. Bertsolariak, aita omendu nahi izan du azken agurrean, baina, bereziki amari eskaini dio azken bertsoa, Pili Arandiari.
6.000 bertsozale elkartu dira Illunben irailean hasi zen Gipuzkoako Bertsolari txapelketako finala ikusteko, iaz baino gutxiago. Une hunkigarriak izan diren arren, saio hotza izan da, orokorrean. Lehen aldiz lau emakume eta lau gizon sailkatu dira finalerako, baina, txapelketan izandako portzentaien bideari jarraituta, bi gizon sailkatu dira saioaren bigarren zatirako.
Laburuk 916 puntu lortu ditu, eta atzetik jarraitu dio, 576 punturekin, Alaia Martin Etxebestek. Laugarren postuan gelditu da Nerea Elustondo Plazaola 565,5 punturekin, eta jarraian, bosgarren, Oihana Iguaran Barandiaran, 560 punturekin. Ane Labaka Mayozek 552 puntu eskuratu ditu, eta seigarren postuan amaitu du saioa. Azkenik, zazpigarrena izan da Beñat Lizaso Alberdi, 541 punturekin, eta zortzigarrena Jon Maia Soria, 533 punturekin.
Umorea eta seriotasuna
Saioak bi zati izan ditu, eta lehenengoan zortzi bertsolariek hamabosna bertso abestu dituzte. Zozketaz hala erabakita, honako ordenan igo dira bertsolariak oholtzara: Jon Maia, Agin Laburu, Nerea Elustondo, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Beñat Gaztelumendi. Ohi den bezala, agur banarekin hasi du zortzikoteak saioa, eta, ondoren, zortziko handian hiruna bertso egin dituzte binaka.
Maiak eta Laburuk hasi dute ofizioa, eta honako gaia egokitu zaie: Enpresa berean egiten dute lan Jon eta Aginek. Orduz kanpoko sorospen ikastaro bat antolatu dute lantegian. Jonek ez du izena eman, Aginek bai. Denek abestuta, zortziko txikian jarraitu dute kantuan, eta hirugarren ariketan, lehen puntua emanda zortziko txikian hiruna bertso egin ditu bertsolari bakoitzak. Umoretik abesteko aukera eman die tarteka saioak; Labakak, esaterako, Gabon-sarien inguruan kantatu du, eta Laburuk autonomo baten paperean jarri behar izan du.
Finalak hamarreko txikian jo du goia, eta nabarmentzekoak izan dira Iguaranek eta Gaztelumendik egin dituzten bertsoak. Gipuzkoatik Nafarroara egin dute salto, eta Iruñeko Udalak bertan behera utzitako saioa hizpide, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi keinua egin diete. “Gure haurren irribarrea izango da mendeku onena”, kantatu du Iguaranek, Bobby Sandsen hitzak gogora ekarriz. Gaztelumendik, aldiz, honela amaitu du: “Sudur gorri batek ikaratzen ditu”. Ariketa berean, bide serioagoa hartu dute gaiek, eta, adibidez, Martin eta Laburuk suizidatutako lagun baten inguruan abestu behar izan dute.
Azkenik, gaia emanda, bakarka eta nahi izan duten doinu eta neurrian, hiruna bertso abestu behar izan dituzte. Gizarte gaiek leku garrantzitsua izan dute finalean, eta azpimarragarriak izan dira Martinek bakarka egindako bertsoak. Honako gaia egokitu zaio: Askotan agertzen duzu zure iritzia publikoki: zure jarduna dela eta zure kontrako pintadak agertu dira. Martinek, indarrez abestu du, eta entzuleek, modu berean erantzun dute, txalo zaparrada handi batekin. Honakoak izan dira bere hitzak: “Eta azken aldian, feminismoak / badauka nahiko altaboz / eta ase gara bide horretan / ezti eta ozpin tragoz / nik gaurko drama ospatu nahi dut / tribuko kideekin, ardoz / jakintsu naiz hainbat datoz / batzutan dut nik hainbat poz / sarri betetzen naiz malkoz / eta, barkatu jendarte maite / ez baldin bazaude ados / nire iritzia emango baitut / gero eta indar handiagoz”.
Gaztelumendi eta Laburu, buruz burukoan
Bertsozale askoren harridurarako, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu dira buruz burukorako. Hiru ariketa egin behar izan dituzte, eta seiko motzean aritu dira lehenik, batera. Honako gaia jarri diete: Urruneko planeta bateko biztanleak zarete. Zuen planeta suntsitzear dela eta, bizitzeko toki bila, Lurrera heldu zarete. Agini egokia iruditzen zaio bizitzeko, Beñat ez dago horren ziur. Ondoren, puntukako ariketa egin dute, Donostiara ekarri dute gaia: Realaren eta Bartzelonaren arteko partida ikustera etorri diren bi futbolzale katalan zarete. Anoetara joan ordez, deskuiduan, Illunbera sartu zarete.
Azkenik, kartzelako lana egin behar izan dute bi bertsolariek, eta Laburu hasi da ariketarekin. Esan eta esan aritu arren, ez entzunarena egiten dizute izan da kartzelako gaia, eta Laburu autismoa daukan seme baten aitaren ikuspegitik abestu du. Gaztelumendik, aldiz, gizarte arauetatik kanpo gelditzea erabaki duen pertsona baten rola hartu du.
Ariketa guztiak amaituta, Itziar Etxezarreta Arakistain aurkezleak jakinarazi du irabazlearen izena: Beñat Gaztelumendi Arandia. Zalantzarik gabe, saioko unerik hunkigarrienetako bat izan da Xabier Gaztelumendi aitak, semeari txapela jarri dion unea. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko lan isila aitortu eta eskertu nahi izan dio Gaztelumendiri keinu horrekin. Irabazleari txapela jantzi aurretik, baina, oroigarri bana jaso du finalista bakoitzak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen eskutik.
Añorgakoak aita omendu nahi izan du azken agurrean, baina, bereziki amari eskaini dio azken bertsoa:
Bertso eskolak bukatzean
nor egoten zen gure zain
gaixo geundenean nor zen
min denak sendatzeko gai
guk festa egin genezan
nork ez zuen egiten jai
eta nork eraman gintuen
sabel barruan bi anai.
Nahiz eta igual ez zenuen
gaur protagonismorik nahi
ama, hau zuri eskaini gabe
ez nengoke lasai;
Xabierren semea naiz,
ta Pilirena ere bai.