Denboralearen ostean, hiria normaltasunera itzultzen ari da
Jarraipen eguneratua egiten ari da IRUTXULOKO HITZA, Donostiako Udalak helarazten duen informazioarekin.
Gogor astindu zuen atzo denboraleak Donostia, baina hiria normaltasunera itzultzen ari da gutxika. Donostiako Udalak jakinarazi duenez, goizeko lehen orduan, suhiltzaileek, Babes Zibilak, Udaltzaingoak eta Hiri Mantentze Zerbitzuko teknikariek Pasealeku Berria ikuskatu dute. Kalteak txikiak izan dira, izan ere, olatuek ez dute aurreikusten zen indarra izan. Garbiketa lanetako zerbitzuak lanean ari dira orain, eta udalaren aurreikuspenen arabera, arratsaldeko lehenengo orduan Pasealeku Berria ireki ahal izango dute, soilik oinezkoentzat.
Halaber, abisu horiak aktibo jarraitzen du, olatuak direla eta. Ondorioz, Pasealeku Berriak ibilgailuentzat itxita jarraituko du, abenduaren 16ko 00:00 arte. Parkeek ere itxita jarraituko dute, ikuskapena egin arte. “Une honetan ezin dugu irekitzeko aurreikuspenik egin”, azaldu du udalak.
Denboralearen kalteei aurre egiteko hainbat udal departamentutako langile ugari aritu ziren atzo lanean, orotara, 300 pertsona baino gehiago. Era berean, 200 intzidentzia baino gehiago ireki ziren, eta “lehentasunaren arabera” konpontzen joan ziren. Udalak adierazi du, gehienbat, zuhaitzen eta beste hainbat objekturen erorketagatik egin zirela interbentzioak.
Martin Ibabek, Herri-Segurtasun eta Herri-Babeseko zinegotziak, jakinarazi du gaur hainbat zerbitzuk lanean jarraituko dutela, “hiria ahalik eta azkarren normaltasunera itzultzeko”. Gainera, zinegotziak eskerrak eman dizkie udal zerbitzu guztiei, “atzo egin zuten lanagatik”.