Beñat Gaztelumendi ez da inoiz bakarrik egongo
Bideo batean jaso ditugu finaleko hainbat une, besteak beste, Añorgako auzotarrek Illunbera egindako ibilbidea, eta Beñat Gaztelumendiri finala eta gero auzoan egindako harrera.
Larunbata egun handia izan zen Beñat Gaztelumendirentzat, baita Gipuzkoako bertsogintzarentzat ere. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa amaierara heldu zen, eta buruz burukoan Agin Labururekin aritu ostean, Añorgakoak irabazi zuen finala. Saioko une hunkigarrienetako bat izan zen Xabier Gaztelumendik, bere aitak, txapela jarri zionean; Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Xabier Gaztelumendik urte luzetan Bertsozale Elkartean egindako borondatezko “lan isila” aitortu eta eskertu nahi izan du keinu horrekin.
Laugarren finala izan da Gaztelumendirentzat, eta 2015ean egin bezala, puntuazio hoberena lortu du oraingoan; beraz, txapelak buru berean jarraituko du beste lau urtez. Oso gaztetan hasi zuen bere ibilbidea Añorgakoak, eta lotura estua izan du beti bertsogintzarekin. Hamaika txapelketa eta plazatan aritu da urtetan zehar, eta alboan izan ditu beti senide eta lagunak.
Larunbatean ere nabarmenak izan ziren Gaztelumendirekiko elkartasun keinuak, eta Añorgan, esaterako, autobus berezi bat antolatu zuten auzotarrek, batera Illunbera joateko. Harmailetan ere babesa erakutsi zioten zaleek, eta Txapela Añorgara! lelodun pankarta zintzilikatu zuten sarbideetako batean. Gauean, finala amaitu eta gero, harrera beroa egin zioten auzoan bertsolariari; txalo zaparrada batekin jaso zuten Gaztelumendi, eta agurra dantzatu zioten.