'Gobernu Zibila Kultur Etxea' liburua aurkeztu dute
Amara Berriko auzo elkartearen lokalean aurkeztu zuten joan den ostiralean Gobernu Zibila Kultur Etxea liburua. Gobernu Zibila Kultur Etxea plataformak, kultura ekipamendu hobeak eta egokiagoak lortzeko, eraikin horren erabilera aldarrikatzen du, eta, horretarako, herritarren partaidetza prozesu bat sustatzen ari da azken denboran. Plataformakoek ohar batean adierazi dutenez, euren nahia beti izan da “bizilagunen ahotsek zentralitatea okupatzea”. Asmo horrekin sortu dute ere liburua: argitalpenean “auzoaren aniztasunaren adibide diren” eta kulturaren hainbat arlotan egindako ekarpenagatik eta sormenagatik nabarmentzen diren auzokide ezagunen iritziak jaso dituzte. “Horrela, liburuaren bidez, euren ahotsak eskertu nahi ditugu, proiektu komun bat ikusarazteko balio baitute eta, nola ez, gure kultur etxea aldarrikatzen jarraitzeko”, gaineratu dute.
Aurkezpen ekitaldia Maria Angeles Zarraonaindiak gidatu zuen, eta berarekin batera izan ziren Lola Valverde historialaria eta Xabier Otaegi. Valverdek liburuaren sorkuntza prozesuan parte hartu du, beste batzuekin batera, eta Amara Berriren jaiotzaren laburpen historiko txiki bat egin zuen aurkezpenean. Gaur egungo auzoak “leku bizigarri orok izan behar dituen gutxieneko eta ezinbesteko zerbitzuak izateko”, bere garaian izandako zailtasunen inguruan hitz egin zuen, baita horren inguruko borroka sustatu zutenen ibilbidea errepasatu ere. Gogorarazi zuenez, auzo berri horren kirol-hornidura hasieratik garrantzitsua izan zen (igerilekuak, estadioak, frontoiak, kirol-pistak, belodromoa, izotz-pista, eta abar), baina kultura-ekipamenduak “distiratsuak” ziren bere ustez.
Xabier Otaegik plataformako kideak, liburuaren nondik norakoak azaldu zituen, eta kontatu zuen liburuak “auzoaren aniztasunaren adibide” diren hainbat pertsonak egin dutela. Besteak beste, honakoek idatzi dituzte testuak: Jesus Altunak (antropologoa eta arkeologoa), Miguel Garaik (arkitektoa), Inazio Mujika Iraolak (idazlea), Joxean Larrañagak (abeslaria), Lourdes Herrastik (antropologoa eta historialaria), Isabel Saguesek (kultur dinamizatzailea), Tere Belokik (kazetaria), Paco Etxeberriak (antropologoa eta auzitegiko medikua), Iban Zalduak (idazlea) eta Koro Mariezkurrenak (idazlea). Era berean, sorkuntzan parte hartu dute ere Juncal Agirrek (Arte Ederretan lizentziatua), Lola Valverdek (EHUko Historia Garaikideko katedraduna), Ramon Cidek (Atleta eta olinpiar entrenatzailea), Elixabete Garmendiak (Kazetaria), Inaxio Kortabarriak (Futbolaria), Javier Maria Sadak (Idazlea) eta Maria Ascension Martinezek. Horrez gain, Sara Beiztegi margolariak horretarako margotutako koadro baten erreprodukzioa eta Dani Fanoren lanak biltzen ditu liburuak.
“Edizioaren kostua plataformako kideek ordaindu dute oso-osorik, eta tirada, beraz, nahiko murritza da. Hala ere, eskaera handia dagoela ikusiz gero, bigarren edizio bat egitea aurreikusten dugu”, azaldu zuten.