Iberdrolak argindarraren kableatua moztu diela salatu du Firestonek
Hiru asteko epean eraikinaren argia lau aldiz moztu ostean, Iberdrolak azkenean Firestone Lantegi Berreskuratura doan kableatua moztu duela salatu dute espazio autogestionatuko kideek. Haien ustez, mozketa Firesekoen jarduera oztopatzeko estrategia bat da: “EAJ-k eta haien lagun enpresariek bultzatzen duten hiri-ereduan soberan daude Fires bezalako gune askeak”.
Ohar baten bidez, espazio autogestionatuko kideek gogoratu dute duela urtebete Gailur-alde S.L. enpresako bi langile eraikin okupatura joan zirela, hura eraisteko prozedura hasteko asmoz. Orduan, lantegian agertu ziren hainbat pertsonen babesari esker, enpresako kideei eraikinera sartzea galarazi zieten, eta geroztik ez dira bueltatu.
Hala ere, oharrean, gune autogestionatuko kideak eraikinetik kanporatzeko asmoak hor jarraitzen duela nabarmendu dute, eremu horretan 250 etxebizitza eraikitzeko proiektu bat dagoela azpimarratuz: “Autogestiorako tresna bat lapurtu nahi digute, Donostiako gentrifikazioarekin jarraitzeko. Hain zuzen ere, Fireseko zonaldean erdigunetik kanporatutako bizilagunentzako lo tokiak eraiki nahi dituzte, eta hori guztia añorgatarren iritzia inongo momentuan kontuan hartu gabe”.
Argindarraren mozketak Firesekoen beharrak asetzeko hainbat baliabide “kolokan” jarri dituela azaldu dute, hala nola dutxa beroa, jantokia eta garbigailua, eta, haien ustez, argia mozteko erabakia orain iritsi izana ez da kasualitatea: “Estrategia ezin hobea da negu gorrian argindarrik gabe uztea”.
Egoera honen aurrean, gune autogestionatuko kideek kableatutik iristen zitzaien argindarra ordezkatzeko alternatiba martxan jarri dute jada. Izan ere, hainbat eguzki-panel ipini dituzte eraikinean, eta finantzaketa arazoei aurre egiteko, berriz, txatarra saltzen hasi dira. Horregatik, Txatxarfoundin kanpaina abiatu dute, jendeari bere txatarra eman diezaietela eskatuz.
Horrez gain, bestelako elementu batzuen beharra ere badutela zehaztu dute, eta eta herritarren elkartasunari dei egin diote ahal duten guztia biltzeko. Besteak beste, hauek dira Firestoneko kideek behar dituzten gauzak: gasezko ur berogailuak, 12v-ko bateriak, tximiniak, keroseno edo butanozko berogailuak, eguzki-panelak eta egur lehorra.