Metroaren lanek kalteturiko bizilagunen bilera egingo dute
Satorralaia bizilagunen mugimenduak jakinarazi duenez, metroaren obrak eragindako arazoek kalteturiko bizilagunen bilera bat egingo dute bihar 20:00etan, Amarako Autonomia kaleko 15. zenbakian dagoen Alternatibaren lokalean.
“Azken asteotan metroaren obrak bizilagunei eragindako hainbat arazoren berri izan dugu (zaratak, pitzadurak…), bai Easo eta Larramendi kaleetan, San Bartolome kalean, nahiz Antiguako Gurutzealde auzoan. Bestalde, Zarautz etorbideko etxeen atzekaldean lur-jausi larria gertatu da. Hori dela eta, bizilagun kaltetuen artean elkartzeko aukera eta arazo horiei aurre egiteko bide lagungarria izango da bilera hori”, azaldu dute.
Biharko bileran aurrez kalteak jasan dituzten bizilagun batzuek parte hartuko dute, “beren esperientziaren berri emateko eta arazo horien aurrean egin behar izan dituzten urratsak azaltzeko”.