Plaza Haundiko estalki berriaren proiektua aldatuko du udalak
Oztopo berri batek are gehiago atzeratuko du Egiako Plaza Haundin estalki berria jartzea. Donostiako Udalak bertan behera utzi du 2017. urte bukaeran aurkeztu zuen proiektua, plaza azpiko garajeetako jabeen baimenik lortu ez dutelako. Une honetan, proposamen berri bat lantzen ari dira.
Urria erdialdean udaleko teknikariek bilera egin zuten garajeen jabeekin proiektua aurkezteko. Izan ere, estalki berriaren zutabeak eta euskarriak jartzeko garajeetan egokitzapenak egin behar ziren. Baimena eskatu zieten, eta aho batez eman zieten ezezkoa. Jabeak ez daude estalkiaren proiektuaren kontra, baina kezkatuta daude lanek eragin ditzaketen afekzioekin. Bestalde, ez daude gustura proiektua lantzerako orduan euren iritzia ez delako aintzat hartu.
Auzotarrak zain
Egiako Bizirik auzo elkartea ez dago gustura Plaza Haundiko estalkiaren proiektuaren atzerapenarekin. “Hilabeteak igaro dira… eta ezer ez. Zurrumurru bat dago: ezin dela egin, garajeen jabeek kontra egin dutelako. Bizilagunei ez zaie horren berri ematen. Udalak ez al zekien plazaren azpian garajeak daudela? Zergatik ez zuen haiekin hitz egin proiektua egin aurretik?”.
Prozesu luzea
Egia Bizirik auzo elkartearen eskaera nagusia plazako estalkia berritzea izan da, eta urteak daramatza gaia lantzen. Hala ere, abiapuntua estalkia izan bazen ere, plaza «bizilagunen beharrei egokitzeko proiektu» batean bihurtu da. 2016ko otsailean, auzoko arkitekto eta aparejadore batzuen laguntzaz, eta bizilagunekin abiatutako urtebeteko gogoeten ondoren, egokitze proiektu bat osatu zuten auzo elkartekoek.
Martxoan Plaza Haundi egokitzeko proposamena Donostiako Udalari aurkeztu zioten, eta auzotarren babesa jasotzeko asmoz, sinadura bilketa egin zuten. Eskuorrien eta Change.org plataformaren bitartez 1.000 sinadura inguru eta auzoko 25 eragileren atxikimendua lortu zituzten.
Maiatzean, udaletxean erregistratu zituzten sinadurak, bi eskaerarekin: udalak prozesu parte-hartzaile bat abiatu zezala, eta ekarpenak kontuan hartzea. Pasa den abenduan, aurkeztutako aurreproiektua eta parte-hartze prozesuaren emaitzak kontuan hartuta, behin betiko proiektua aurkeztu zien udalak auzotarrei.