487 gazte bilduko ditu Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak
Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Xarek antolatutako egitasmoaren helburu nagusia. Horretarako, Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia egiten ari dira gaur, EHUren Ibaetako campusean. Orotara, zazpi ikastetxetako batxilergoko lehenengo mailako 487 gaztek hartuko dute parte: Easo Politeknikoa LHI, Nazaret Zentroa, IES Zubiri-Manteo eta Zubiri-Mateo Zikloa, Elizaran ikastetxea, Ekintza ikastola eta Antigua-Luberri BHI.
Hain zuzen, hiru gunetan egingo dituzte jarduera horiek, eta, guztira, bost proiekturen aurkezpenak, bi hitzaldi eta zortzi lantegi praktiko barnebilduko ditu jardunaldiak. Lehen gunea, Info Aretoan kokatu dute, Ignacio Maria Barriola Zentroan, hain zuzen. “Ezagutzara bideratutako “areto horretan, euskarazko kultura digitalaren esparru aintzindari izan diren, eta egun lanean diharduten bost proiekturen inguruko aurkezpen labur bana entzungo dute ikasleek. Horiek dira Puntu Eus Fundazioa, Librezale Elkartea, Ahotsak egitasmoa, Booktegi eta Euskal Wikilarien Elkartea.
Bigarren gunea Informatika Fakultatean kokatu dute, eta han zortzi lantegi praktiko egingo dituzte. Taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa dira:
- Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala).
- Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta).
- AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua(Talaios).
- Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers).
- Harremanak 3.0: emadazu ‘like’ bat (Emaize sexologia zentroa).
- Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko (Protomakers)
- 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu (Protomakers)
- Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak (Iñaki Izkue).
Azkenik, Era Aretoko gunean, teknologia berriez egiten dugun erabileraren inguruan hausnartzera bideratutako 35 minutuko bi hitzaldi interaktibo egingo dituzte: Pribatutasuna Sarean Maider Likonak, Gipuzkoako Software Askea Elkarteko kideak, gidatuta, eta E-makumeak: ezinbestekoak teknologia bidezkoa izan dadin, Olatz Arbelaitzekin, EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzailea, eta UEUko kidearekin.
Hirugarren aldiz egingo dute jardunaldia Euskal Herrian, eta orain arte, Gazteizen eta Durangon egin dute. Antolatzaileen arabera, egitasmoari esker, ikasleek “euskaraz ere teknologia sortzea, erabiltzea eta gozatzea posible dela entzun, ikusi eta frogatu dute”.