Belartzako epaia udalak oraindik ez duela bete ohartarazi dute
Belartza II eremuan udal gobernuak emandako baimen bat legez kontrakoa zela ebatzi zuen uztailean EAEko Auzitegi Nagusiak. Epaiaren arabera, enpresa arduradunak eremuan isuritako harriak kendu behar ditu, eta lekua lehengoratu. Horretarako, epe bat jarri zuen epaitegiak, eta datorren astelehean bukatuko da.
Epaia bete gabe dagoela ohartarazteko agerraldia egin dute udaletxean EH Bilduk eta Elkarrekin Donostian. “Zer egin du Eneko Goiaren gobernuak uztailetik hona? Denbora pasatzen utzi, besterik ez. Epaia irmoa izan arren, eremua ez da lehen zegoen egoerara itzuli eta, beraz, epailearen agindua ez da bete”, adierazi dute.
Bi alderdiek azalpenak eskatu zizkioten udal gobernuari epaia jakin orduko, “eta ez zuten eurek egindako kudeaketa txarra onartu”. Harriak kendu arte enpresa arduradunari isunak jartzen jarraituko zutela adierazi zuen EAJ-PSE-EEren gobernuak. “Orduan, legearen arabera ezarri daitezkeen 10 isunetatik 6 ezarrita zeuzkaten”.
Enpresa arduradunak harriak kentzen ez baditu, epaiak dio udala arduratu beharko dela subsidiarioki hori egiteaz. Momentuz, ordea, ez da horrelakorik gertatu. Bestalde, Belartza II eremuko epaia ez betetzeak galera ekonomikoa eragin diezaioke udalari. “Hau da, Eneko Goiaren udal gobernuak erakutsitako utzikeriagatik Donostiako herritar guztiek ordaindu beharko dugu”, adierazi dute bi udal taldeek.