Artikutzako historiaren inguruko liburu zientifiko bat argitaratu du udalak
Aurten 100 urte bete dira Donostiako Udalak Artikutzako finka erosi zuenetik, eta mende honetan zehar han egin diren lan guztien inguruko liburu zientifiko bat argitaratu dute: Artikutza. Natura eta historia. Izan ere, hiria urez hornitzeko helburuarekin erosi zuen udalak bere garaian Artikutza, baina hasieratik uraren azpiegiturarekin arazoak izan zituzten, eta Añarbeko urtegia eraiki zuten, Artikutzako Enobietako presa erabilerarik gabe utziz. Hori dela eta, urte luzez kudeaketa falta egon zen gunean.
Bestalde, zonaldeak dituen ezaugarri klimatiko zein geografikoak direla eta, oso biodibertsitate aberatsa du. Horregatik, Europako Natura 2000 sarearen barruan dago, 2015ean Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuten eta 92/43/CEE Zuzentarauko II. eta V. Eranskinetan eta Nafarroako Landare Mehatxatuen Katalogoan (94/1997 Foru Dekretua, apirilaren 7koa) agertzen diren espezie eta habitat batzuk aurkitzen daude Artikutzan. Ildo beretik, hainbat ikerketa bideratu ditu udalak zonaldean, eta kudeaketa ekintza garrantzitsuak egin dituzte. Era berean, naturak bere lana egin du gunea berreskuratzeko. Aurten, gainera, urtegia guztiz hustu dute, eta Enobietako presa desagerrarazteko erabakia hartu dute.
Horregatik guztiagatik, Artikutzan egindako esfortzua islatzeko eta hango ondare naturala goraipatzeko aipatu liburu zientifikoa argitaratu dute, azken urteotan egindako lan guztiak bilduz. Era berean, horren inguruko bideo bat ere egin du udalak, eta laster Artikutzari buruzko beste liburu bat argitaratuko dutela iragarri dute, dibulgatzaileagoa eta arinagoa izango dena.
IRUTXULOKO HITZAk Artikutzako bizitzaren inguruko erreportajea osatu zuen martxoan, mendeurrena dela eta.