Santa Klara uhartea babesteko eskaera sorta aurkeztu diote udalbatzari
Haritzalde Naturazaleen elkarteak eta Bizilagunekin plataformak agerraldi bat egin zuten joan de abuztuan, eta orain eskaera sorta bat aurkeztu diote udalbatzari.
Santa Klara uhartea babesteko eskatuz, ekintza bat eta agerraldi bat egin zuten joan den abuztuan BizilagunEkin plataformak, Haritzalde Naturazaleen Elkarteak, eta Ekologistak Martxanek. Pankarta erraldoi bat zabaldu zuten hainbat ekintzailek uhartean bertan, eta erakunde publikoei uhartearen babesa bermatzeko “eskura dituzten tresna legalak” aktibatzeko eskatu zieten, baita uhartea Biotopo Babestua izendatzeko ere.
Abuztuko aldarrikapenei segida emanez, Haritzalde Naturazaleen elkarteak eta Bizilagunekin plataformak, abenduko udalbatzarrean eztabaidatuko diren hainbat eskaera helarazi dizkie Donostiako udalbatzari, horrek, “irla babesteko borondate irmoa erakutsi, eta premiazko neurriak indarrean jar ditzan”. Bihar, hilaren 19an, izango da urteko azken udaltzarra.
Bi eragileek ohar bidez eman dute eskarien berri. Lehenik, itsasargian abian diren lanak bertan behera uzteko eskatu dute, Cristina Iglesiasen proiektuak izango duen ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterketa bat gauzatu, eta berehalako babes neurriak barneratu arte. Bigarrenik, uhartearen erabilera eta gozamena erregulatu eta antolatzeko, plan berezi baten sorrera eskatu dute, baita hori betearazteko konpromisoa ere.
Aurrekoez gain, Donostiako Udalari, uhartea Biotopo Babestua edo Europa mailako Babes Bereziko Eremua izendatua izan dadin eskatu diote, eta, horretarako, beharrezkoak diren urrats guztiak emateko. Azkenik, etorkizunean uharteari eragiten dion beste edozein proiektu abiatu aurretik, Donostiako jendartearen ahotsa kontutan hartuko duten erabakitze prozesu parte hartzaileak bultzatzea exijitu dute.
Era berean, interbentzio artistikoak ingurugiroan, ondarean, paisaian, hirigintzan, udal ekonomian eta lekuko nortasunean izan ditzakeen albo-eragin ezkorrak salatu dituzte. Gainera, espazioaren erabilera pribatiboa ahalbideratzeko arriskuaren, pilaturiko gainkostu ekonomikoen, edota kultur zerbitzuekiko irisgarritasun unibertsal ezaren” inguruko kezka azaldu dute. “Egun hiriak pairatzen duen turistifikazio prozesua are eta gehiago indartu dezakeela uste dugu”, azaldu dute.
Lege urraketa eta herritarrei deialdia
Eskaeren sinatzaileek, udalbatzari zuzenduriko eskaeran, abian den proiektu artistikoak indarrean dauden hainbat lege, araudi eta gomendio urratzen dituela gaineratu dute. Horien artean daude EAE-ko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren Testu Bategina (RDL 1/2013), Ondare Industrialaren Kontserbaziorako Nazioarteko Batzordeak (TICCIH) sustaturiko Nizhny Tagil gutuna, EAE-ko Paisaiaren Dekretua (90/2014). Gainera, mehatxaturiko espezieen zerrenda bat aipatu dute.
Udalbatzari zuzentzeaz gain, Haritzalde eta Bizilagunekin taldeek donostiar guztiei dei egin diete “hain preziatua duten” Santa Klara uhartearen “merkantilizazio eta masifikazaio arriskuen aurka” altxa daitezen. “Artelanaren aitzitik azpiegitura berrien eraikitzea, garraioen biderkatzea, ostalaritza zerbitzuen handitzea eta gutxiengoari begira pentsaturiko antzerako proiektu eta erabilera kaltegarriak sor daitezkeen susmoa izanagatik, herritar oro aktibatzera, bere desadostasuna adieraztera eta taldeon ekimenekin bat egitera gonbidatu dugu”, gaineratu dute.