"Tristea bada ere, iruditzen zait iraultzailea dela ni, emakume gisa, oholtzara ateratze hutsa"
Skakeitan taldearekin disko berria argitaratu badu ere, bere bakarkako proiektuaren sorkuntza prozesu batean murgilduta dago Olatz Salvador musikaria.
Luze eta zabal hitz egin dugu Salvadorrekin, eta bere bizitzako zapalkuntzak oholtza gainean nola bizi dituen azaldu digu, besteak beste. Elkarrizketa osoa ostiraleko astekarian egongo da irakurgai, baina bitartean, hemen duzue aurrerapen bat:
Nola ikusten duzu emakumeek oholtzan duten ikusgarritasunaren gorakada?
Alde batetik, ikusten dut badagoela gorakada hori. Gainera, oso baikorra naiz, eta uste dut hemendik hamar urtera egongo direla emakume musikari pilo bat, orain oskoletik ateratzen ari direnak. Beste aldetik, ikusten dut Viña Rock bezalako jaialdi batera joaten zarela, eta emakumeak %10 garela. Teknikari eta managerrak kontuan izanda, %5. Bi alde horietan mugitzea tokatzen zait, eta uste dut aldatzen ari dela. Emakumeen ikusgarritasuna handitzen den neurrian, gainera, publikoan ere emakume gehiago ikusten dituzu. Gurpil bat da.
Ikusgarritasun horren harira, nola bizi dituzu zure bizitzan dituzun zapalkuntza guztiak oholtza gainean?
Emakume guztiok ez dugu berdin bizi oholtzara igotzea, eta batzuek aldarrikatzen dute ez direla igotzen beraien emakumetasuna aldarrikatuz, baizik eta beste musikari baten moduan igotzen direla, eta ez dutela tratu desberdin bat nahi. Oso zilegi da hori, nire ustez.
Tristea bada ere, iruditzen zait iraultzailea dela ni, emakume gisa, oholtzara ateratze hutsa. Askotan sentitzen dut, bai, aparteko zama bat, bollera izatearena ez delako hain agerikoa, agian. Askotan esaten didate hori aldarrikatu behar dudala. Oraindik ez naiz ikusgarritasun hori aldarrikatzera iritsi, baina iritsi daiteke momentua. Era berean, ikusten dut emakume askok eskertzen dutela emakume bat oholtza gainean ikustea, eta horrek ere laguntzen dit. Emakume eta bollera gisa ahalduntzeko bidea hasi dut babesa sentitu dudalako konfiantza espazioetara ateratzeko