Bederatzi film proiektatuko dituzte Dock of the Bay jaialdian, lehiaketaz kanpo
Donostiako Dock of the Bay jaialdia 2020ko urtarrilaren 13tik 18ra egingo dute, Antzoki Zaharrean eta Trueba zinema aretoetan, eta lehiaketaz kanpo proiektatuko dituzten bederatzi filmak jakinarazi dituzte dagoeneko. Musika dokumentalen jaialdia da Dock. of the Bay, eta hamahirugarren urtez egingo dute aurten.
Perfect Day lehiaketaz kanpoko film luzeen sailean zortzi film proiektatuko dituzte. Urtarrilaren 13an PJ Harvey: A Dog Called Money filma proiektatuko dute PJ Harveyren disko baten inspirazioaren, konposizioaren eta grabazioaren ingurukoa dena. Egun berean, Terrence Malicken Lil Peep: everybody’s everithing, filma ikusi ahal izango da, 21 urterekin hildako Lil Peep emo-trap musikaren izarraren ingurukoa.
Urtarrilaren 15ean beste bi film proiektatuko dituzte: El niño de Elche musikariaren inguruko Niños somos todos (Sergi Cameron) eta Synthwave musika eszenaren inguruko The Rise Of The Synths (John Carpenter) filma. Hurrengo egunean, New Yorkeko underground kultura sustatu zuen Barbara Rubin artistari buruzko Barbara Rubin & The Exploding NY Underground filma emango dute, Jonas Mekasek zuzendutakoa. Azkenik, Suede, Marianne & Leonard: words of love eta Mystify izango dira jaialdia itxiko duten filmak. Suede talde britainiarraren ingurukoa da lehena, Leonard Cohenen eta Marianne Ihlenen arteko harremanari buruzkoa bigarrena eta Michael Hutchenceren ingurukoa hirugarrena.
Bestalde, The Devil & Daniel Johnston filma emango dute Paint it black atzera begirakoan. Irailaren 10ean hildako Daniel Johnston artistaren ingurukoa da film hori, eta jaialdiak omenaldi bat egin nahi dio proiekzioaren bitartez.
Era berean, aipatzekoa da jaialdiko epaimahaia Nacho Vegas musikariak, Garbiñe Ortega irakasleak eta Punto de Vistako zuzendari artistikoak eta Koldo Almandoz zinemagileak osatuko dutela.
Elkarrizketak
Dock of the Bay elkarrizketak estreinatuko dituzte 2020ko jaialdian, eta bi saio egingo dituzte. Saio horietako bakoitzean zinemaren munduko pertsona bat eta musikaren munduko beste bat egongo da, eta urtarrilaren 15ean eta 16an egingo dituzte, Koldo Mitxelenan, 19:00etatik 20:30era. Garbiñe Ortega Punto de Vistako zuzendari artistikoa eta Stefano Scarani musikan doktorea eta nazioarteko konposatzailea egongo dira lehenengoan, eta Mireia Iniesta zinema irakaslea eta Craft Film Festival jaialdiko programatzailea eta Aitor Etxeberria konposatzaile eta musikaria bigarrenean. Elkarrizketak ikustera joan nahi dutenek info@dockofthebay.es helbidera idatzi beharko dute.