Ezkontzak eta banaketak
‘Marriage Story’
Zuzendaria: Noah Baumbach
Herrialdea: AEBak
Urtea: 2019
Marriage Story-k, Noah Baumbachen azken filmak, bikote baten banatze istorioa dakarkigu (Kramer vs Kramer (1979) filmak bere garaian egin zuen erara). Hori bai, sentipen hutsak alde batera utzi, eta harremanaren eboluzioaren erretratu fidela eskainiz. Netflixek “American comedy-drama” gisa aurkeztu badu ere, film erromantikoa da funtsean. Zinemaren historian banaketa prozesu bati buruzko kontakizun hunkigarri eta mingarrietako bat, hain zuzen.
Nicole (Scarlett Johansson) eta Charlieren (Adam Driver) offeko ahotsek emango diote hasiera filmari, batak besteari hitz gozoak eskainiz. Banaketa prozesu korapilatsua erraztu nahian bikote-terapiari eutsiko diote baina bertan ez dira idatzi dituzten hitz hauek bata besteari irakurtzeko gai izango… Azken finean, maitasuna bukatzen denean borrokak, frustrazioak, beldurrak, minak eta amorrua besterik gelditzen ez dela erakutsiz, oso gordin gainera.
Horrela, banatze prozesu adiskidetsu bat bezala hasten dena, liskar katramilatsuan bihurtuko da: Nicolek Los Angelesen bizi nahi du, Charliek New Yorken. Charlie antzerki zuzendari ospetsua da dagoeneko, eta Nicolek telebistan aktore izatearekin amesten du. Nicolek berriz Charlieri ibilbide profesionala familiaren gainetik jarri izana leporatzen dio, eta Charlik Nicoleri zoritxarrekoa izatea. Negoziazio zaila berez, are gehiago haur bat tartean dagoela… Azkenean, abokatuengana jo eta, sentimenduak alde batera utziz, epaitegietan konponduko dute komedia dramatiko hau.
Marriage Story-ren gidoia ezin hobea da eta elkarrizketak indar ukaezina dute. Urteetan gordetako sentimenduak kanporatzeak min asko egin dezake, baita ere, ordea, isiltasunak dakarren amildegira erotzeak. Ikusleak bikotearekin sufrituko du uneoro. Gainera, Adam Driverren y Scarlett Johanssonen antzezlana hain da fina, biek Oscar sarietarako hautagai beharko luketela. Nabarmentzekoa da ere abokatuen (Ray Liotta, Alan Alda eta Laura Dern) antzezlana; sasi-komikoa den paperetik, dibortzio prozesuen ohiko negoziazio trikimailuen kritika gehitzen baitio maitasun drama honi.
Baubachek, zuzendariak, urteak daramatza heldutasun bidearen inguruan hausnartzen, eta film borobila lortu du oraingo honetan: Kicking and screaming, Mistress America eta Frances Ha filmetan unibertsitatetik atera berri diren gazteen istorioak aurkeztu zituen eta While We’re Young (2014) filmean egonkortasunetik eta segurtasunetik ihesean dabilen bikotearen bidaia. Marriage Storyn 2005ean The Squid and the Whale filmean dagoeneko aztertu zuen gaia berreskuratu du berriro ere, eta bikote banaketaren inguruko gogoeta sakona eskaintzen digu, oraingoan, ordea, umearen ikuspuntua baztertu eta zuzenean bikotearen ikuspuntua mahai-gaineratu du.
Martin Scorseseren Irishman (2019) filmarekin batera, Marriage Story izan da Netflixen urteko estreinaldi txalotuena. Eta egun plataforman bertan dugu ikusgai Veneziako zinemaldian arrakasta handia lortu zuen altxor hau. Zer eskainiko ote digute hurrengo astean?