Jazzaldiko sarrerak salgai jarri dituzte
Uztailaren 22tik 26ra egingo dute Donostiako 55. Jazzaldia, eta ordainpeko programa osoa aditzera emateaz gain, sarrerak salgai jarri dituzte jada. Trinitate plazako, Viktoria Eugenia Antzokiko, Kursaaleko eta San Telmo Museoko kontzertuetako sarrerak dira jada eskuratu daitezkeenak, baita hainbat abonamendu ere. Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean eta Kursaalaren webgunean (Kursaaleko kontzertuetakoak soilik) erosi daitezke sarrerak.
Trinitate plaza
Lau emanaldi bikoitz egongo dira Jazzaldiaren agertokirik adierazgarrienean. Enrico Rava tronpeta-jotzaileak eta Cecile McLorin Salvant abeslariak estreinatuko dute 55. Jazzaldian Trinitate plazan, uztailaren 23an emango dituzten kontzertuekin. Hurrengo egunean arituko da John Zorn saxofoi-jotzailea (2019ko Donostia Jazzaldia Saria), jaialdirako soilik prestatutako programa bikoitz batekin: bere Masada taldearekin arituko da lehenengo, eta New Masada Quartet taldearekin ondoren.
Larunbatean, uztailaren 25ean, Marc Ribot gitarra-jotzaileak Songs of Resistance proiektua aurkeztuko du lehenengo, eta Fire! Orchestra, ondoren, Mats Gustafson saxofoi-jotzailearen proiektua, non hamahiru musikari igotzen diren oholtzara. Azkenik, Paolo Fresu tronpeta-jotzailearen Devil Quartet taldea eta Scott Bradlee instrumentistaren azken proiektua arituko dira uztailaren 26an.
Kursaala
Kursaalari dagokionez, Abdullah Ibrahim eta Graham Nash arituko dira uztailaren 23an, jazz munduko izar bat lehena eta rock mundukoa bestea. Hiromi piano-jotzaileak joko du uztailaren 24an, Makaya McCraven bateria-jotzailea uztailaren 25ean eta Kenny Barron eta Dave Holland uztailaren 26an, Blake bateria-jotzailearekin batera.
Viktoria Eugenia Antzokia
Zortzi emanaldi egongo dira 2020ko Jazzaldian Viktoria Eugenia Antzokian. Hasteko, Joan Margaritek eta bere seme Carles Margarit saxofoi-jotzaileak olerki eta jazz emanaldi bat eskainiko dute. John Zornek Trinitate plazan emango duen kontzertuaren moduan, Miho Hazama orkestra zuzendariak ere Jazzaldirako emanaldi berezi prestatu du, Kursaalean emango duena.
Kurt Ellingek abeslariak duo bat egingo du Danilo Perez piano-jotzailearekin. Fabrizio Bosso tronpeta-jotzailearen laukotea ere arituko da Viktoria Eugenia Antzokian, baita Rita Marcotulli eta Dado Moroni ere. Marco Mezquidak Beethoven omenduko du bere jaiotzaren 250. urteurrenean. Azkenik, Danilo Rea piano-jotzaileak ere bakarkako kontzertua emango du.
Beste kontzertu batzuk
Aipatu artistez gain, beste hainbat ere egongo dira Jazzaldian, eta nabarmentzekoa da Taj Mahal bluesaren izarra azkenik ez dela Jazzaldian egongo ez duelako Europara hegaldirik hartu nahi; bere birako hainbat kontzertu bertan behera utzi ditu, tartean Donostiakoa.
Oreka TX taldeak Koklea bere azken diskoa aurkeztuko du San Telmo Museoan, uztailaren 23an. Jazzaldian egongo diren beste hainbat musikari eta taldeen kontzertuen ordutegiak aurrerago iragarriko dituzte: Simple Minds, Joe Magnarelli, Ezra Collective, Vintage Trouble, North Mississippi Allstars, Sly & Robbie, Sharon Clark eta Leon Benaventerenak, hain zuzen.