Kristina Enea fundazioak prest du neguko agenda
Abenduaren 22an, goizeko 5:19an, negua hasiko da ofizialki, eta Kristina Enean prest dituzte urtaro berrirako egitasmoak. Datozen hiru hilabeteetarako, askotariko pertsonentzat egitarau oparoa programatu dute, eta abenduaren 23an hasiko dituzte jarduerak. Gabonak Zuretzat programa abiatuko dute egun horretan, eta haurrentzako jarduera ugari izango dira, urtarrilaren 3ra arte. Gainera, ohi bezala, neguko oporraldietan bi zinema saio antolatu dituzte txikienentzat: Yugo & Lala eta Sagu & Paku animaziozko filmak proiektatuko dituzte.
Jardueren artean erakusketak jarriko dituzte ikusgai, eta abenduaren erdialdean inauguratu zuten 10. Urteurrena izeneko erakusketari bi berri gehituko zaizkio. Aste honetan inauguratuko dituzte Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Horretarako, kolaborazio berezia izango du fundazioak, hain zuzen, Gordailuarena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroarena. Erakunde horren helburu nagusia da lurraldeko kultur ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea, eta bien artean Urtaroko pieza izeneko proiektu berri bat inauguratuko dute fundazioaren erakusketa-proiektuen programaren barruan. Gipuzkoako zientzia eta kultur erakundeetako bildumetan ingurumenarekin eta zientziarekin erlazionatutako piezak ikusgai jarriko dituzte.
Hazieran proiektuak ere jarraipena izango du, eta hazi landaketak egiten, eta haziak zaintzen eta ugaltzen ikasteko saioak programatuko dituzte berriro neguan. Martxoan, berriz, “hegaztien mundu interesgarrira” hurbilduko direla jakinarazi dute: Egiako parkean eta Ulian hegazti arruntenak identifikatzen ikasteko tailer bana egingo dute.
Esteka honetan aurkitu daiteke NEGUKO EGITARAU OSOA.