AHTaren lanengatik Martutenen desjabetuak izango diren bizilagunek udalaren bitartekaritza eskatu dute
Donostiako sarrerako AHTaren lanak direla eta, Martuteneko Okendotegi bideko bederatzi etxebizitza desjabetuko dituzte, eta agerraldia egin dute gaur kaltetutako hainbat bizilagunek udaletxean, Reyes Carrere EH Bilduko zinegotziarekin eta Haizea Garay Elkarrekin Donostiako zinegotziarekin batera. Gari Arrese-Igorrek, kaltetutako familietako bosten bozeramaileak, azaldu du desjabetzearen inguruan izan zuten lehenengo informazioa hedabideetan irakurrita izan zen, inongo gutunik jaso aurretik.
Adif enpresak 80.000 eta 120.000 euro artean eskaintzen dizkiete beraien etxebizitzengatik, batzuen hipotekak 200.000 eurotik gorakoak diren bitartean. Diru horrekin, “ez Donostian ez Gipuzkoan” ezin dutela etxebizitzarik erosi nabarmendu du Arrese-Igorrek. Horregatik, beste etxebizitza bat nahi dutela azpimarratu du bozeramaileak: “Donostiako herritar moduan eskatzen duguna da, etxea kentzen badigute, Donostian beste etxebizitza bat eman diezaguten”.
Adifen erabakiaren aurrean, helegitea jarri zuten bizilagunek, eta udalaren babesa bilatu zuten, Eneko Goia alkatearekin bilera bat izatea lortuz. Azaldu dutenez, kasua aztertuko zutela esan zien Goiak, baina momentuz udalak ez die konponbiderik eman, eta inguruko lanak hasi dira jada. Horregatik, bizilagunek ez dakite non egongo diren datorren urteko apirilean. Kaltetuen artean, gainera, “egoera larriak” daudela nabarmendu du Arrese-Igorrek: “Erretiratuta dauden pertsonak daude, diru-laguntzak jasotzen dituztenak, seme-alabak dituztenak, hamabost urteko hipotekak dituztenak, eta abar”. Horregatik guztiagatik, udalak Adifekin bitartekaritza lanak egin ditzala eskatu dute, bizi duten egoerari konponbidea emateko.