Eusko Legebiltzarrak Ulian ehiza egiteko debekua "blindatu" duela jakinarazi du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak jakinarazi duenez, Eusko Legebiltzarrak Ehiza Legearen zuzenketa bat onartu du gaur, ohiko osoko bilkuran. “Horren ondorio behinena Ulian tiro gehiago ez egitea izango da”, azaldu du Eguzkik. Talde ekologista pozik agertu da, “Ulian sen ona behin betiko nagusitzea ahalbidetu beharko lukeen” zuzenketaren aurrean. Zuzenketa aho batez onartu dute Legebiltzarrean ordezkatuta dauden bost indar politikoek, eta “adierazgarritzat” jo dute hori ekologistek.
Aldundiak 2014an debekatu zuen ehiza Ulian, baina aurten berriro baimendu du, Ehizaren Legearen 27. artikuluko 2. paragrafoan oinarritutako epai judizial baten ondorioz. Eguzkiren ustez, paragrafo hori ez zegoen zuzen idatzita, “ezinezkoa delako ehiza-eskubidea, kasu jakin batzuetan, beste edozeren gainetik egotea, baita ehiza-alorrean eskumen guztiak dituen Foru Aldundiaren beraren erabakien gainetik ere”. “Hain justu, legebiltzarrak akatsa zuzendu eta aldundiari kasu horietan ere erabakitzeko ahalmena eman dio”, gaineratu dute. Ulian ehiza baimentzean, gainerako herritarrek “parkeaz patxadan eta modu seguruan erabiltzeko” duten eskubidea urratzen dela salatu dute talde ekologistakoek, “kolektibo jakin baten mesedean”.
Albiste “handia” dela baieztatu dute ekologistek, baina orain aldundiak “bere partea” egin behar duela gaineratu du. “Zailena egin ondoren, alegia, legebialtzarrean zuzenketa aho batez onartu ondoren, absurdoa litzateke aldundiak Ulian ehiza ez debekatzea. Horri dagokionez ere badago zer esanik, izan ere, legebiltzarrak zuzenketa presaz eta irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetu du, hain zuzen ere, egoera ahalik eta eperik laburrenean aldatzeko, hau da, Ulian ehiza debekatzeko”, esan dute.