Militarrak kuarteletik bota zituen setioa
1936ko uztailean, Loiolako kuarteleko militarrak Donostiako kaleetara irten ziren hiria altxamendu militarraren menpe uzteko. Errepublikanoek, ordea, bizkortasunez erantzun zuten eta, hiria berreskuratzeaz gain, lau eguneko setio batekin matxinatuak kuarteletik ateratzea lortu zuten.
Militar matxinatuek uztailaren 21ean abiatu zuten Donostia bereganatzeko diseinatu zuten plana. Egun horretan, Mola jeneralaren jarraitzaile sutsua zen Jose Vallespin teniente-koronelaren aginduak jarraituz, soldaduak Loiolako kuarteletik irten ziren, hiriko hainbat puntu estrategiko hartzeko asmoz. Erresistentzia zibilarekin topo egin zuten arren, goiza iritsi zenerako, Maria Kristina hotela, kasinoa (egungo udaletxea) eta kuartelaren inguruko eremuak jada militarren menpe zeuden.
Errepublikazaleek, ordea, segituan erantzun zioten kolpeari. Izan ere, hiriburuko altxamenduaren berri izan bezain pronto, orduan Eibarren zegoen Perez Garmendia komandanteak Donostiarako bidea hartu zuen bere gudarostearekin. Errepublikanoak uztailaren 22an sartu ziren hirira, eta hurrengo egunerako, matxinatuen menpe geraturiko puntu denak berreskuratuta zituzten, Loiolako kuartela izan ezik. Laburbilduz, egun batetik bestera, antolamendu eskaseko 2.000 milizianok ongi armaturiko militarrek hasitako altxamendua zapaldu zuten Donostian.
Lau eguneko setioa
Hirian garaituak izan ostean, militarrak kuartelera erretiratu ziren, eta indar milizianoek, Loiolako eremua guztiz inguratuta zutelarik, setio bat ezarri zieten, matxinatuak errendiarazteko asmoz. Errepublikanoak gehiago ziren, baina militarrak askoz hobeto zeuden armaturik: 1700 fusil (milizianoek 300 zituzten), metrailadoreak, obusak…
Matxinatuen morala, ordea, oso baxua zen, jasandako porrotari, haien arteko adostasun falta batzen zitzaiolako. Denek ez zuten altxamenduarekin bat egiten, eta kuarteleko bi buruzagien artean ere iritzi ezberdinak zeuden; izan ere, Vallespin ez bezala, Leon Carrasco koronela altxamenduaren aurka agertu zen hainbatetan.
Egoera horretan, errepublikanoek gerra psikologiko bat hasi zuten, panfletoen bidez kuartelean zeudenei halako mezuak jaurtita: “Gipuzkoako indar matxinatu guztiak errendituta […] eta Mola jeneralaren promesen faltsutasuna egiaztatuta, Loiolako kuartelaren erresistentzia alferrikakoa izango litzateke, soilik odol jarioa ekarriko lukeelako, eta ez lukeelako inolaz ere bere konkista saihestuko. […] Eten burugabekeriak eta bueltatu dadila inoiz asaldatua izan behar ez zen lasaitasuna”.
Tiroketak segituan hasi ziren, eta milizianoek kuartela hartzeko lehen saiakera egin zuten Ametzagañatik. Aldi horretan sartzea lortu ez zuten arren, militarrak urik eta argirik gabe uztea lortu zuten.
Hortik aurrera, erasoek ez zuten etenik izan. Ametzagañako mendixkatik, errepublikanoek kuartela tirokatu eta bonbardatzeko aukera izan zuten, eta tarteka, soldaduei panfleto gehiago bidaltzen zizkieten.
Uztailaren 24an eta 25ean, kuartela hegazkin txiki batekin bonbardatu zuten, eta uztailaren 26an, berriz, Madriletik etorritako hiru motorreko hegazkin batekin. Uztailaren 27an, Guadalupeko kuarteletik ekarritako 27,5 mm-ko obus batekin jarraitu zuten erasoa.
Bonbardaketa horien harira, Vallespin koronelak bilera bat eskatu zien Gipuzkoako diputatuei, tonu nahiko mehatxariarekin: “Carrasco koronelaren gomendioa jarraituz, kuartel honetan hitzartzen zaituztet, etor zaiteztela erregutuz, Donostiaren suntsiketa saihestu nahi baduzue”.
Une horretan hirian zeuden bost diputatu gipuzkoarrek hitz egiteko eskaria onartu zuten, eta Carrascorekin, Vallespinekin eta Herce komandantearekin elkartu ziren urtarrilaren 27an, kuartelaren sarrerako zubian.
Elkarrizketa horretan hitz egindakoaren bertsioak aldatu egiten dira alderdiaren arabera, baina bere emaitza garbia izan zen: Loiolako kuartela hurrengo egunean errenditu zen.
Errenditzea eta arpilatzea
Vallespin koronelak, Donostiako altxamenduaren sustatzaile nagusiak, 6:30ak aldera egin zuen ihes kuarteletik, Iruñeara bidean. Carrascok, berriz, kuartela errenditu zuen 11:00etan, eta atxilotua izan zen, kasernako gainerako 68 ofizialekin batera. Gauean, ordea, milizianoek koronela diputazioko bere ziegatik atera eta burdinazko zubiko trenbidean erail zuten.
Gizartea 36ko gerraren atarian zegoenez, Loiolako kuarteleko armategiak egundoko balioa zuen setioan parte hartu zuten jeltzale zein anarkistentzat. Horregatik, kaserna entregatu bezain pronto, CNTko kideek dena arpilatu eta arma, munizio eta diru kutxa guztiak bereganatu egin zituzten, EAJk eta ezkerreko sindikatuek gerran zehar izango zituzten lehen tentsioak aditzera emanez.