Motxiladun umeen aldeko bi mobilizazio handi iragarri dituzte
Porrotxekin batera, agerraldia egin zuten atzo arratsaldean hamarnaka familia eta haurrek. Topaketaren helburua izan zen abenduaren 28an eta urtarrilaren 19an haur motxiladunen alde egingo dituzten ekitaldien berri ematea. Sarek deituta, familia ugari elkartu ziren atzo Nestor Basterretxea plazan, eta askaria egin zuten denek batera. Gainera, abenduaren 22ra arte motxiladun umeek bisitetan bizitzen duten errealitatea “modu sentsorialean” ikustarazteko erakusketa bat ipini dute Egiako pasabidean.
Bi mobilizazio handi
Orotara, 105 motxiladun ume daude, eta horietatik 40 gipuzkoarrak dira. Bizi duten egoera salatzeko, eta konponbideak eskatzeko, mobilizazioak iragarri ditu Sare Herritarrak datozen egunetarako. Azken urteetan egin moduan, presoen aldeko nazio manifestazio bateratua deitu du Sarek Bilbon eta Baionan, urtarrilaren 11rako, Atera bidera orain presoak lelopean. Hala ere, manifestazioaren aurretik mobilizazioak antolatu dituzte lau hiriburuetan. Donostiakoa abenduaren 28an izango da, 12:00etan, eta Bulebarrean hasiko da. Urtarrilaren 19an, berriz, Atano pilotalekuan ekitaldi berezi bat egingo dute, eta protagonistak izango dira motxiladun umeak.
Hain zuzen, motxiladun ume horietako bat da Xua, eta hiru urte beteko ditu datorren urtarrilaren 19an. Umea Valentziako Picassenteko kartzelan dago bere aita Patxi Uranga eta ama Olatz Lasagabasterrekin, Usurbildik 550 kilometrora. Espainiar legediak agintzen duenez, hiru urte betetzean bere gurasoengandik banatuko dute, eta amonarekin joango da bizitzera. Bere urtebetetze egunarekin kointzidituz, Motxilak Gora! ekitaldia egingo dute Amara Berriko frontoian, Xuaren egoera salatu eta motxiladun umeen eskubideak aldarrikatzeko.
Atzoko ekitaldian egindako irakurketan, hainbat desira plazaratu zituzten datorren urterako: “2020a motxiladun haurren auziari aterabidea ematen diogun urtea izan dadin nahi dugu. 2020. urtea espetxe politika aldatuko dugun urtea izan dadin nahi dugu”.