Plastikoaren erabilera murriztuko dute aurten San Silvestre lasterketan
Urteroko legez, abenduaren 31n egingo dute San Silvestre lasterketa Donostian, eta berrikuntzekin dator aurten, bere 35. urteurrenean. Izan ere, plastiko gutxiago erabili nahi dutela azaldu du Xabi Altuna Amara Kirol Elkarteko ordezkariak.
Hainbat neurri hartu dituzte horretarako, hala nola, lasterketako kamisetak plastikozko poltsarik gabe banatzea, ura plastikozko botilatan banatu ordez edalontzi konpostagarrietan ematea eta helmugako jakiak eta edariak eskuz ematea, inongo plastikorik gabe. Era berean, edukiontzi marroiak jarriko dituzte lasterketako anoa-postuetan, edalontziak eta hondakin konpostagarriak botatzeko.
Horretaz gain, 3.400 pertsona inguruk lasterketan izena eman dutela nabarmendu du Altunak –iaz 2.800 ziren data hauetan–, eta San Silvestreak dituen 4.800 plazak betetzea espero dutela. Era berean, inoiz baino emakume gehiagok hartuko dute parte aurten, orain arte izena eman duten pertsonen %40 emakumeak baitira. Horren harira, urte batzuetan emakumeak %50 izatea espero dutela azpimarratu dute, horrela erdia gizonak eta beste erdia emakumeak izateko. Parte-hartzaileen artean, Imanol Cruz, Gonzalo Fuentes eta Nerea Etxeberria kirolariak eta Xabi Alonso futbolari ohia egongo dira.
Ibilbidea
Lasterketaren zirkuituak 7.850 metro izango ditu, eta aldaketa batzuk izango ditu Zubieta kaleko lanengatik. Hain justu, irteeran Easotik San Martin kalera joango dira zuzenean, eta itzuleran Manterola kaletik San Martin kalera joango dira, eta hortik Easora.
16:00etan hasiko da lasterketa Easo plazan, eta Mirakontxatik Antiguara abiatuko da. Tunela pasa ondoren, Ondarretara iritsiko da, eta Ondarretako zein Kontxako pasealekuetatik pasatuko dira korrikalariak, Parte Zaharrera Portaletatik iristeko. Handik Kursaalera abiatuko da, buelta emango du, eta Bulebarretik Easo plazara itzuliko dira. Aipatzekoa da Santa Marian DJ bat egongo dela korrikalariak animatzeko.
Izen-ematea
Zabalik dago izen-ematea lasterketaren webgunean hilaren 30era arte; 12 euroko prezioa izango du 28ra arte, eta 17 eurokoa 29tik 30era. Dortsalak Amara kaleko frontoian banatuko dituzte abenduaren 29an eta 30ean 11:00etatik 19:30era, eta arropa jasotzea lasterketaren egunean izango da Easo plazan, 14:00etan (eguraldi txarra egingo balu, Amara kaleko frontoian egingo dute).
Sariei dagokienez, txapela bana emango diete lehenengo gizonari eta lehenengo emakumeari. Era berean, gizonen eta emakumeen lehenengo hiru sailkatuek Gabonetako oparia eta Super Amaran erosketak egiteko txeke bana jasoko dute. Laugarrenak eta bosgarrenak ere Super Amaran erosteko txeke bana jasoko dute. Horretaz gain, mozorro onena daraman pertsonek Gabonetako otarre bat emango dute etxera.
San Silvestre txikia
Aurten ere San Silvestre txikia egingo dute, hilaren 29an, 11:00etatik aurrera. Autonomia kalean izango da haurren lasterketa, eta hilaren 28an banatuko dituzte dortsalak, Amara kaleko frontoian, 17:00etatik 20:00etara. Hilaren 29an ere banatuko dituzte, Easo plazan 10:00etatik aurrera. Izen-emateak bi euroko prezioa du, gaixotasun neuromuskular bat duen Donostiako neska bati bideratuko diotena, bere gaixotasuna lantzeko.
Lasterketa txikiaren kasuan, ez da saririk egongo, baina bai parte-hartzaile guztientzako txokolate jan handi bat, Geltoki okindegiaren eskutik. Bost kategoria daude San Silvestre txikian:
- Txikiak: 6-7 urte, 200 metro.
- Benjaminak: 8-9 urte, 300 metro.
- Alebinak: 10-11 urte, 677 metro.
- Infantilak: 12-13 urte, 1.275 metro.
- Kadeteak: 14-15 urte, 1.275 metro.