"Taberna batean kontzertu bat ikusteko iniziatiba hartzeko, saiatzen naiz aurretik taldea entzuten eta ondo ezagutzen"
Aretha Franklin da Lidia Insausti abeslariaren (Gros, 1993) erreferente nagusia, eta bere musikan islatzen da hori. Oso aktibo dabil azkenaldian Ispirit gospel taldearekin.
Zergatik aukeratu duzu Kobak?
Astelehenetan bazkaltzera etortzen hasi naiz, eta nahiko leku polita iruditzen zait. Gainera, musika atsegina jartzen dute eta giro lasaia egoten da.
Grosekoa zara berez, ezta?
Grosekoa naiz, Antiguan egiten dut lan eta Zarautzen bizi naiz; denetarik daukat. Astean behin pasatzen naiz Grosetik, nire gurasoak han bizi direlako eta lagun asko ditudalako auzoan. Auzo moduan oso gustuko dut, zentzu guztietan.
Nola ikusten duzu Donostia?
Niretzat, bizitzeko ideala da, baina duela bi edo hiru urtetik hona, askotan hitz egiten dut lagunekin pilo bat nabaritu dela turismoaren masifikazioa. Horregatik, niretzat, xarma gehiago zuen lehen.
Musikara pasatuz, azkenaldian asko jotzen ari zarete Ispirit taldearekin, ezta?
Joan den asteburuan Azkoitian jo genuen, eta igande honetan Villabonara goaz jotzera. Duela hilabete inguru hasi ginen kontzertuak ematen. Izan ere, urtero data hauetan jotzen dugu, azarotik urtarrilera. Formatu desberdinetan jotzen dugu, gutako bakoitzak [Lide Hernandok, Noa Egigurenek eta Insaustik berak] bikoteko proiektu bat dauka piano-jotzailearekin [Iñaki Miguel].
Zer harrera izaten du gospelak kontzertuetan?
Nahiko positiboa izaten da normalean. Nire sentsazioa da jendea ez dagoela genero honetara oso ohituta. Horregatik, ikusleak asko animatzen saiatzen gara, gospel beltza oso espirituala delako, baita oso alaia ere. Asko dantzatzen dugu, interakzio handia daukagu gure artean eta publikoarekin, eta batzuetan ikusleen artera jaisten gara abestera. Oso alaiak izaten dira gure kontzertuak… Aleluya!
Bertsioak jotzen dituzue soilik edo errepertorio propioa daukazue?
1950eko eta 1960ko hamarkadetako gospel bertsioak jotzen ditugu batez ere, baina abesti propio bat ere badugu, eta besteren bat egingo dugu aurrerago.
Nola iritsi zinen gospel musikara?
Sky Beats rock eta soul taldean abesten nuen lehen, eta hainbat musikari ezagutu nituen urte horietan, tartean, Iñaki Miguel, gaur egun gospelaren proiektua daramana. Garai hartan, soul eta rhythm and blues proiektu bat hasi nuen berarekin, eta ondo funtzionatzen genuen biok batera. Liderekin eta Noarekin berdina egiten zuen, eta bazekien hiruoi asko gustatzen zitzaigula musika beltza eta gospela. Ispirit taldearen proiektua sortu zuen eta gu hiruoi proposatu zigun.
Beraz, zuetako bakoitzak beste estilo batzuetako proiektuak badituzue ere, gospelak batzen dizue?
Hiruok nahiko influentzia argiak ditugu musika beltzaren barruan. Esaterako, hiruok ikusi dugu Sister Act pelikula eta Mahalia Jacksonen moduko artistak ezagutzen ditugu.
Mahalia Jackson da zure erreferente nagusia?
Ez, Aretha Franklin da nire erreferente nagusia. Izan ere, Arethak Mahalia Jackson eta beste gospel abeslari askoren influentzia dauka, baina baita oso soul indartsua ere.
Kontzertuetan gospel elizetako jantziekin abesten duzue, ezta?
Eliza tunika batzuekin hasi ginen, baina orain arropa aldatu dugu, eta 1950eko hamarkadako estiloko soineko beltzak daramatzagu. Bakoitzak bere koloreko lazoa darama, bikoteka ditugun proiektu bakoitzak kolore bat duelako: ni morea naiz, Noa horia da eta Lide gorria.
Egon zara noizbait benetako gospel eliza batean?
Ez dut aukera izan, pelikulatan soilik ikusi dut. Aretha Franklini buruz aurten atera zuten Amazing Grace filma ikustea izan zen horrelako kontzertu bat ikustearen antzekoena. Denbora guztian negarrez egon nintzen [barreak].
Sky Beats taldean jarraitzen duzu?
Bakoitza bere proiektuak egiten hasi zen, eta proiektua ez zen bukatu, baina stand by moduan gelditu zen. Ez dakit zer gertatuko den etorkizunean, baina momentu honetan ez gaude aktiboan. Nire kasuan, beti lanaren eta musikaren arteko guda bera izaten dut, ez dudalako nahikoa denbora izaten denera iristeko. Hala ere, beti saiatzen naiz abestiak konposatzen eta musika proiekturen bat bideratzen. Hurrengo urterako, esaterako, proiektu pertsonal bat hasi nahi dut.
Ghost Number taldean ere aritu zinen. Jarraitzen duzu?
Hiru urte egon nintzen korista moduan, eta oso esperientzia interesgarria izan zen. Desberdina izan zen niretzat, western swing eta calypso estiloak jotzen dituztelako, baina groove-a zeukan taldeak, eta hori beti da erakargarria.
Noiz hasi zinen musikarekin harremana izaten?
Nire gurasoak musikariak ziren biak: aita Orquesta Mondragon taldean gitarra-jotzailea izan zen 1980ko hamarkadara arte, eta ama abeslaria zen. Beraz, etxean musika oso sartuta egon da betidanik. Nire kasuan, ikastolako koruan 6 urterekin hasi nintzen, eta 16 urte izan nituen arte egon nintzen hor. 14 urte inguru nituenean hasi nintzen ikusten beste musika mota batzuk gustatzen zitzaizkidala, jazz musika, bereziki. Bestalde, 10 bat urte nituenean, The Manhattan Transfer taldea ikusi nuen Kursaalean, eta ikusi ondoren esan nuen, ‘musika hori egin nahi dut’.
Nola ikusten duzu hiriko kultura?
Orain nahiko momentu interesgarri batean gaudela iruditzen zait, jende gazte asko ari delako jotzen. Gainera, poliki-poliki zirkuitu txikiak sortzen ari dira, gazteoi musikan hasteko aukera ematen digutenak.
Emakumeen presentzia ere areagotzen ari da, ezta?
Beti egon dira emakumeak musikan, baina orain gero eta presentzia gehiago daukagu, eta oso emakume boteretsuak izaten ari gara. Frontwoman-ak gara orain.
Kontzertuak ikustera joateko ohitura duzu?
Ahal dudanean, bai. Egia da, baita ere, garai bateko melomanoen modukoa naizela. Gauza bereziak gustatzen zaizkit, eta kostatu egiten zait sarrera bat erostea. Hau da, taberna batean kontzertu bat ikusteko iniziatiba hartzeko, saiatzen naiz aurretik taldea entzuten eta ondo ezagutzen.
Hurbiletik jarraitzeko Donostiako musikariren bat?
Oso interesgarria iruditzen zait Iñigo Serrulla. Duela urte batzuk ikusi nuen Bulebarreko kioskoan, eta oso harrituta gelditu nintzen. Huraz gain, Lide eta Noa gomendatuko ditut, noski, ahots ikaragarriak dituztelako. Bestalde, Andoni Etxebeste bateria-jotzailea ere oso gustuko dut.
HAMABIETAN BERMUTA: Kola freskagarria eta gilda
Non. Kobak taberna. Simona de Lajust kalea, 8 (Antigua).
Prezioa. 3,80 euro.