55.000 euro bideratu dituzte elkartasun eta lankidetza proiektuetarako
Donostiako Udalak zuzeneko diru-laguntza bereziak onartu ditu mundu mailako elkartasun eta lankidetza proiektuak babesteko. 55.000 euro inguru bideratuko dituztela adierazi du Lankidetzako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak.
“Ahal den neurrian, gerra gatazken ondorioak eta horien eraginetatik ihes egiten duten pertsonen joan-etorriak arintzen saiatzen dira horietako batzuk. Era horretan, munduan gertatzen diren giza dramen aurrean, haren alderdi solidarioa erakusten jarraituko du Donostiak”, azaldu du Agirrezabalagak.
Hona hemen onarturiko diru-laguntzak:
- 15.000 euro Alboan Fundazioaren proiekturako; Mtendeli-Tanzaniako kanpamentuko errefuxiatuen hezkuntza eta garapen psikosoziala sustatzeko. Errefuxiatu horiek aspalditik Burundin dagoen gerra egoeratik ihes egin zuten. Ia milioi erdi inguru errefuxiatuk egin zuen alde ondoko herrialdeetara.
- 15.000 euro Proyect-Proega Fundazioarentzat; Nouna eta Kongoussi herrietako La Salle anaien eskoletan 100 familien beharrak asetzen saiatzeko. Burkina Fasoko jihadisten erasoetatik babestekotan egin zuten ospa.
- 15.000 euro Nazioarteko Elkartasuna erakundearentzat; Libanoko hegoaldeko 200 haur errefuxiaturentzako hezkuntza eta programa psikosoziala prestatzeko. Gatazka armatuaren eta Siriako giza eskubideen urraketen ondorioz egin zuten ihes herrialde horretara.
- 5.000 euro Ikertze Kultur Elkarteari; Begiradak Zinema Amateurraren Nazioarteko Jaialdirako.
- 5.000 euro SEADen Amig@s elkartearentzat; Saharan ur biltegiak prestatzeko.