Saltoki txikientzat urte gogorra izan da
Irutxuloko Hitzak urtekaria argitaratuko du bihar, eta Donostian desagertzen ari den merkataritza txikiaren inguruko erreportaje zabala irakurri ahal izango da.
Betiko denda asko itxi dira 2019an. Donostiako auzo guztietan gertatu da, hainbat arrazoirengatik. Azken hamarkadako datuek berresten dute gertatzen ari dena. Denden %21,7 galdu da, eta egoerak okerrera egiten du urtetik urtera.
Tantaz tanta, hiriko saltoki txikiak desagertzen ari dira. Prozesu isila da, oharkabean pasa daitekeena, baina bere ondorioak nabarmenak dira. Merkataritza txikiaren galera munduko hiri askok jasaten duten drama sozial bat da, eta Donostian indar handia hartu du azken urteotan.
IRUTXULOKO HITZAk biziraun duten hainbat saltoki txikiekin hitz egin du. Esaterako, Rucal elektrizitatea, Look arropa denda, Mikel harategia, Citores zapata denda, La Dalia mertzeria eta Abar informatika. Era berean, 2019an itxi diren denden zerrenda ikusi ahal izango da biharko astekarian.