Emakumeak izan dira jokalekuko erreginak
Hiriko taldeentzat 2018a baino oparoagoa izan da, orokorrean, 2019. urtea. Nabarmentzekoak izan dira emakumeek egindako lorpenak, kualitatiboak zein kuantitaboak.
Urte emankorra izan da 2019a hiriko kirol talde askorentzat. Futbolarekin hasita, eta gainerako kirolei garrantzia kendu gabe, nabarmentzekoa da Realeko nesken taldeak lortutako garaipena: Erreginaren Koparen irabazleak izan dira. Txuri-urdinek Kopako finala irabazi zuten maiatzaren 11n Granadan, Atletico Madrilen aurka. 1-2 gailendu zitzaion Reala Madrilgo taldeari, Kiana Palaciosen eta Nahikari Garciaren golei esker.
Klubak azken 32 urtean lortu duen lehen titulu esanguratsua da. Realak historia egin zuen egun hartan, eta zaleek ez zuten hutsik egin. Asko izan ziren Realarekin batera Granadarako bidaia egin zuten lagunak, baina Donostian geratu ziren zaleek ere final historikoa gertutik jarraitzeko aukera izan zuten Parte Zaharreko Trinitate plazan. Realak Fan Zonea sortu zuen, hamazazpi metro karratuko pantaila erraldoi batekin eta adin guztientzako herritarrentzako egitarauarekin. Nekez ahaztuko dituzte bizitako une horiek Granadan zein Trinitate plazan izan ziren zaleek.
Atxurrekin ere fin
Belar zelai batetik bestera salto eginda, Realaren hockey taldeak ere izan du pozik egoteko arrazoirik aurten. Jorge Perezen taldeak harrobitik iritsitako jokalari berri asko jaso ditu aurten, eta gogoz beteriko talde gaztearekin ekin zion 2018ko azaroan denboraldi berriari. Lorpen azpimarragarria izan zen apirilean erdietsi zuena: Europako txapeldunordea gelditu zen Realeko hockey taldea. Europako belar-hockey finala jokatu zuen apirilaren 22an Amsterdamen, hango AHBC taldearen aurka. Finalerdietan Alemaniako Alster taldeari 2-1 irabazi ondoren, Europako finalera iritsi ziren txuri-urdinak. Baina ezinezkoa izan zen AHBC taldeari gailentzea, eta 7-0 irabazi zuten etxekoek.
Hala ere, une oro aurpegia eman zuten jokalari txuri-urdinek. Finala galduta ere, historia egin du taldeak Europako txapeldunorde izatea lortuz, Europako txapelketa bat jolastu, eta urrutien heldu den Realeko taldea baita.
Garaipen beroa izotzean
Txuri Urdin izotz hockey-ko taldeak hirugarren aldiz jarraian irabazi du liga aurten. Martxoaren 18an Puigcerdaren aurka, eta era ikusgarrian irabazitako finalak 16. liga eman die donostiarrei. Tito Marcelinoren mutilak lehen minututik atera ziren garaipenaren bila, eta markagailuan 2-0 jartzera iritsi ziren. Puigcerdak, ordea, ez zuen amore eman, eta neurketa amaitzeko zazpi minuturen faltan, berdinketa lortu zuten katalanek. Txapelketa luzapenean erabakiko zela zirudien, Jano Hernandezek, soilik bi minutu gelditzen zirenean, egundoko gola egin zuen arte. Amaiera bikaina denboraldi ezin hobe batentzako. Taldeak denboraldi berria abiatu zuen irailean, baita indartsu hasi ere, izan ere garaipen sorta bildu ditu hilabeteotan, eta bigarren postuaren lehian dabil Puigcerdarekin.
Uretan, olatuaren txanpan
Denboraldi ona izan da traineru donostiarrentzat. Arraun Lagunakek Lekeitioko bandera irabazi zuen ekainaren 30ean, Euskotren ligan. Donostiarrak, berriz, Getxoko estropada irabazi zuen uztailaren 28an, historiako lehena TKE ligan, maila gorenean. Azkenik, Donostiarraren bigarren taldeak Getariako KAE1 ligako bandera irabazi zuten, abuztuaren 4an.
Kontxako Banderan ere hiriko hiru traineruak atera ziren uretara. Emakumezkoen sailkatze estropadan Arraun Lagunakek bigarren denborarik onena egin zuen. Aurten, Orioko emakumeek aise irabazi zuten Kontxako Bandera, eta gizonezkoetan