Erakundeen «zuriketa morea» jopuntuan
Mugimendu feministak kaleak hartu ditu 2019an ere, eta indartsu jarraitzen du borrokan. Aurten, gogor salatu dute erakunde publikoen jarrera, eta «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko exijitu diete.
Nekaezin ibili da beste urte batez hiriko mugimendu feminista. Patriarkatuak zapaldutako pertsonen bizitzak defendatzeko egitasmoak eta mobilizazioak ugariak izan dira 2019an, eta kaleak kolore morez bete dituzte milaka feministak. Mugimenduaren borroka ildoak askotarikoak izan dira, baina pisu asko izan dute eraso sexisten aurkako aldarrikapenek. Bide horretan, erreibindikazio batek zeharkatu ditu mugimenduaren ekintza eta mobilizazioak: erakunde publikoen «zuriketa morea»-ren salaketa.
Era berean, eskaera zehatz bat jarri dute mahai gainean feministek: hitzetatik ekintzetara pasatzeko exijitu diete agintariei. «Hitz politekin nazkatuta», benetako neurri feministak hartzeko eskatu diete behin eta berriro erakunde publikoei, eta «egitura matxisten» eraldaketa proposatu dute konponbide gisa, besteak beste, egitura judizialarena.
Mugimendu feministak indarrak metatzen jarraitu du aurten ere, eta duen potentzialaren erakusle izan zen beste behin martxoaren 8ko greba feminista. Milaka emakume atera ziren kalera, eta mugimenduak egindako balorazioaren arabera, aurtengoa «esanguratsuagoa» izan da: «Aurten, arrakasta kuantitatiboaz gain, jauzi kualitatiboa eman dugu gure aldarrikapenak eta oinarri politiko antikapitalista eta antiarrazistak sendotu ditugulako». Egunean zehar ekintza ugari izan ziren hirian, eta azpimarragarria izan zen eguerdian egin zuten kalejira. Ehunka emakumek ibilbide bat egin zuten festa giroan, eta bidean zehar, ekintzak egin zituzten «indarkeria matxisten arduradun» diren hainbat erakunde eta agente seinalatzeko, besteak beste, udaletxea, Artzain Onaren katedrala eta Zara.
Martxoaren 8an ez ezik, beste egun askotan ere kaleak hartu dituzte aurten feministek. Esaterako, azaroaren 25ean, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean, manifestazio jendetsua egin zuten, eta mobilizazioaren aurretik, Eneko Goia alkatearen eta Ernesto Gasco alkateordearen irudiak zituen pankarta bat eskegi zuten udaletxeko balkoi batetik, Zuen zuriketari guk autodefentsa feminista mezuarekin.
Manifestazioaren amaieran irakurritako manifestuan, erakundeen konpromiso falta salatu zuten manifestariek, eta Gizarte Segurantzari, Eusko Jaurlaritzari, Migrazioari, Confebaski, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Justiziari zuzendutako mezuak zabaldu zituzten. Era berean, mugimendu feministak gogor salatu zuen Donostiako Udalaren jarrera, eta Donostiako Piratek egun horretan bertan argitaratutako ohar batekin bat egin zuten. Idatzian, Duñike Agirrezabalagak, Berdintasun zinegotziak, hilabete horretako udalbatzarrean egindako adierazpen batzuk salatu zituzten. Agirrezabalagak mugimendu feministak erasoen aurkako telefonoak jartzea kritikatu zuen.
Inflexio puntu bat
Azaroaren 25ekoa ez zen izan mugimendu feministak Donostiako Udalarekin izandako lehen talka. Hain zuzen, Aste Nagusian izandako eraso sexista kopuru altuen aurreko erantzuna eta prebentzioa kudeatzeko moduak eztabaida sortu du mugimenduaren eta udalaren artean.
Aste Nagusiko asteazkenean, 24 orduko epean, hamaika erasoren berri izan zuten Donostiako Piratek, eta horregatik, urgentziazko asanblada orokor bat deitu zuten. Egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki zuten, festetan parte hartzen duten emakumeen segurtasuna bermatu ezin zutela argudiatuz. Mugimenduak inoiz hartu gabeko erabakia izan zen, eta piratek «inflexio puntu» gisa hartu zuten egun hura.
Eraso kopuru altuak, eta Donostiako Udalaren jarrera «pasiboak» haserrea eragin zuen herritarren artean, eta manifestazio jendetsua egin zuten arratsaldean Parte Zahar eta Erdialdean zehar, mugimendu feministak eta Donostiako Piratek deituta. Gaua iritsita, piraten kofradia guztietako kideek giza katea egin zuten Flamenka eta Kaimingaintxo jaiguneen inguruan, gauean jairik ospatuko ez zutela adierazteko. Suak amaitzerakoan, kaitik igaro ziren herritarrak piraten ekimena txalotzen hasi ziren.
Gauerdi aldera, berriz, ehunka herritar Parte Zaharrean barrena joan ziren, eta Gaztelubide elkartearen ondoko eskaileretan bildu ziren, Santa Maria elizaren pareko plaza bete arte. Eneko Goia alkatea Festara! emanaldia ikusteko han zegoelako joan ziren horra. Hain zuzen, udalak gertatutako erasoen larritasunaren neurriko erantzunik eman ez duela ondorioztatu zuen mugimendu feministak, eta haserre agertu zen horregatik. Donostiako Piratek egun osoko egitaraua bertan behera utzi zuten bitartean, udalak egitarau ofizialeko ekitaldi guztiak mantendu zituen.
Indarkeriak, mila aurpegi
Aste Nagusia igaro eta aste batzuetara, agerraldi bat egin zuen mugimendu feministak irailean, udako azken hilabeteetan salatutako eraso kopuru «izugarriak» kezkatuta. Borrokan jarraitzeko asmo irmoa adierazi zuten feministek, eta beste behin, erakunde publikoen «arduragabekeria» salatu zuten: «Ezinbestekoa da erakundeek hiriko zoko guztietan gauzatuko diren konpromiso politiko argiak hartzea eta hitzetatik ekintza zehatzetara joatea».
Agerraldian parte hartu zutenek, indarkeria matxistaren beste aurpegi bat nabarmendu zuten: «Beldurrez eta babes gabe bizi diren emakumeen* errealitatea». Sara Majarenas eta bere alaba Izarren kasua, errealitate horren erakusle dela adierazi, eta biekin elkartasuna adierazi zuten. Irailaren 10ean hasiko zen Izar eta Sara Majarenasen erasotzailearen aurkako epaiketa, Valentzian, eta hori zela eta, hilaren 8an, manifestaziora deitu zuen Sara Izarrekin plataformak. Azkenik, Valentziako Probintzia Auzitegiak bi delituren egiletzat jo zuen Stytianos Messinezis, eta 28 urteko zigorra ezarri zion.
Ortzadarra, distiratsu
LGTBI+ mugimenduaren aldarrikapenek ere, inoiz baino izaera erradikalagoa izan dute 2019an. Mugimenduak bizirik jarraitzen duela erakutsi du beste behin, eta hainbat mugarri izan ditu urte honetan. Alde batetik, aurtengo LGTBI+ Komunitatearen Nazioarteko Eguna, ekainaren 28a, ez da nolanahikoa izan, izan ere, 40 urte bete dira Espainiako Gobernuak homosexualitatea despenalizatu zuenetik. Harrotasuna ez dago salgai; Donostia ere ez lelopean, eta ortzadar-koloreko bandera erraldoi batek gidatuta manifestazioa egin zuten ehunka herritarrek. LGTBI+ komunitatearen aldarrikapen historikoei ahotsa eman zieten beste behin manifestariek, baina indar berezitu batez gailendu zen diskurtso zehatz bat: «harro ez da pride».
Diskurtso hori da, era berean, Euskal Herrian aurten sortu duten Harro plataformaren oinarria. Ekainaren 15ean aurkeztu zuten Urgulleko Guardetxean LGTBI+ komunitateko hainbat eragilek osatutako plataforma. Indarrak batzeko asmoarekin sortu dute, eta mezu antikapitalista argia zabaltzeari ekin diote azken hilabeteetan: «kapitalismo aseezina» LGTB mugimendua «instrumentalizatzen» ari dela ohartarazi dute euren mobilizazio eta jardueretan.