Jada itzali direnak
Amaitzear dagoen urtea gogorra izan da hiriko saltoki txikientzat. Izan ere, dendarien baldintzak are larriagoak bilakatzeaz gain, 2019ak betiko denda askoren itxiera ekarri du, auzo guztietan. Segidan ageri direnak horietako batzuk besterik ez dira.
Soliño
Groseko Soliño alfonbra eta estalki denda Aste Santuan itxi zuten. Denda 1963an ireki zuen Jose Antonio Soliño tapizatzaileak, eta erretiroa hartzerako unean saltokiari jarraipena eman nahi zion inor topatu ez zuenez, saltokia berarekin erretiratu zen.
Branka
Trueba kaleko Branka dendak marinel estiloko jantziak eta itsasoarekin zerikusia duten dekorazio produktuak saldu ditu azken lau hamarkadetan, baina abenduan agur esan die bere bezeroei. Soliñoren kasuan bezala, jabearen erretiroa da auzoko saltoki ezagun honen itxieraren arrazoia.
Sora
Martxoan, Egiako Ametzagaña kaleko Sora janari-dendak hiru urteko ibilbidea amaitu zuen bere itxierarekin. Irutxuloko Hitzari eskainitako elkarrizketan, Soraya Rodriguez jabeak adierazi zuen ez zuela beste erremediorik izan: «Denda ixtera behartu naute». Azaldu zuenez, auzoan saltoki txikietan erosketak egiteko ohitura gero eta urriagoa da.
Ciprian
Enrique Molinerok, Ciprian ehun-gai dendaren kudeatzaileak, 50 urte egin ditu Bulebarreko bere kantoian lanean, baina saltokiak 114 urteko historia izan du, uztailean jabearen erretiroagatik itxi egin zuten arte.
Zubeldia kirolak
Isabel II.aren hiribideko Zubeldia Kirolak arropa denda Gabonetan itxiko dute, bere jabeak erretiratu egingo direlako. Saltokiak ia mende erdia egin du bere lekuan eta, denbora horretan, auzoaren bilakaeraren lekuko zuzena izan da.
Itziar belar-denda
37 urteko historia zuen saltoki honek uztailean izan zuen bere agurra. Gipuzkoa plazako arkupean eginiko festarekin, Itziar belar-dendak azken aldiz ireki zizkien ateak bere bezeroei, jabe berri batek saltokiaren eraikin osoa erosi eta bertan eraberritze lanak egiteari ekin diolako.
Barrenetxe
Gipuzkoa plazako Barrenetxe gozo-dendak urrian esan zien agur bere bezeroei. Antza denez, saltokia egoera ekonomiko kaskarraren ondorioz itxi dute bere jabeek. Datorren urtean, Barrenetxe familiaren jardunak 100 urte bete behar zituen Donostian.
Semillas Elosegui
Mendea bete eta bost urtera itxiko ditu bere ateak Parte Zaharreko Semillas Elosegui dendak. 1914an zabaldu zuen Jose Maria Elosegik, Puyuelo kalean (egungo Fermin Calbeton). Ordutik, dendaren gaineko pisutik zintzilik dagoen metalezko erremolatxak bere lekuan dirau.