Nolako urtea izan da zuretzat 2019a?
2019 portatu da, bai, alajaina! Haziak landatzeaz gain, landare ugari, lore parea, eta zuhaitzen bat ere tokatu baitzait. Kuadrilla artistiko galanta bildu eta 2019ari hasiera emateko EITBk finantzatutako Gutuberrak websaila kaleratu genuen: Familia bitxi baten kaleratzearekin hasten den bera. Zenbat barre, zenbat egonezin eta zenbat ikasi dugun Stop kaleratzeak aldarrikatzen duen serie horrekin. Han-hemenka dabil, Bilbaoseriesland jaialdian lau sari irabazi eta gero, mundura eman baitu jauzia. Harro gure umetxoaz. Baita donostiarrez ere. Stop Kaleratzeak plataformako Rosa Garciari eman baitiote Urrezko Danborra. Bejondeizu(e)la!
Hori bai, Gabonak iritsi orduko, argi, kolore, eta tamaina askotako bitxikeriak barreiatu dira hirian. Baita kalean lo egin beharrean dauden 200 donostiarrak ere. Ea ez dugun kontzientzia kontsumoarekin bakarrik isiltzen! Eskatuko nuke!
Eta ni bitartean trostaka, oholtzatik oholtzara. Hiru belaunaldiz osatutako publikoak betetzen baititu plazak. Zaldi Urdina. Antzerkiak buru-bihotzak astintzen dizkigunean, ederra da gero.
Nerea Txokarro Perez
Arraun Lagunakeko arraunlaria
Urteaz baino gehiago denboraldiaz hitz egiten dugu arraunean. Urrian genituen amets eta ilusioak irailean egia bihurtu ziren. Egia da emaitzak lortzen joan garen heinean buruak gehiago eskatu digula, inkonformista puntua dugulako, baina orokortasun batean oso denboraldi borobila izan dugula esango nuke. Negua, urtero moduan gogorra eta luzea izan zen, ekaina noiz iritsiko zen zain pasa genituen asteak eta hilabeteak. Eta iritsi zen, eta ekainak 29an, Lekeitioko bandera ere gure eskuetara iritsi zen. Gerora bandera gehiago iritsi ez baziren ere, bigarren postua mantentzea lortu genuen, baita Donostiako Kontxako banderaren estropadan ere. Egindako lanaren fruituak jasotzea azaldu ezina da, izugarria. Kirolari moduan urte arrakastatsua izan da beraz 2019a.
Beñat Sarasola Santamaria
Idazlea eta irakaslea
Urtarrilak 1. Zuzendu, berriz zuzendu, hau aldatu, hura utzi; azken zuzenketak sartu. Urtarrilak 21. Nobelaren bigarren irakurleak ohar gehiago bidali dizkit; zuzenketa gehiago, moldaketak; azken zuzenketak. Urtarrilak 28. Editoreak esan dit pasarte hori hobetu litekeela; tira ba, egin dezagun zerbait, zuzendu, berrikusi, azken zuzenketak. Otsailak 9. Inprentara azkenik, bazen garai… egon, azken bi errata, aldatu, zuzendu atzera, azken zuzenketak. Martxoak 15. Deklaratzekorik ez: aurkezpena Pandoran; hau jende piloa. Martxoak 17. «Deklaraziorik ez» jarri dute nonbaiten. Martxoak 19. Elkarrizketa Irutxuloko Hitzarentzat, prest joan beharko, hauekin broma gutxi… Hau marka, 2019a hasi besterik ez da egin eta jada 2020an.
Isa Fernandino Hurtado
Gladys Gogoan plataformako kidea
Niretzat, oso urte berezia izan da. 40 urte bete dira Gladys [Del Estal] hil zutenetik, eta jende asko elkartu gara horren harira. Guk ez dugu jo behar izan hedabideetara, alderantziz izan da, haiek etorri dira gure bila jakin-minez. Jakin nahi izan dute zer gertatu zen orduan, eta interesa izan dute aurten antolatu dugun guztia ezagutzen. Hori niretzat inportantea izan da. Gauza asko antolatu ditugu, adibidez, Informatikako fakultatean, eta Egian, eta egia da 40 urte horietan urtero antolatu izan dugula omenaldia, baina aurten desberdina izan da, berezia.
Lander Arbelaitz Mitxelena
Kazetaria
Argia aldizkarian mendeurrenena ospatu dugu, proiektua berritzen jarraitu dugu, eta laburrean esateko, dena eman dugu. Alde txarra, hizkuntz eskubide baten urraketaz informatzeagatik nire aurka bi ertzainek jarritako salaketa. Lanetik kanpo, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kide naiz, eta borrokan jarraitzen badugu ere, urte gogorra izan da. Politikari arduragabeek piztu digute munstroa, nahiz eta alternatiba hobeak egon hori ez egiteko. Azkenik, etxez aldatu naiz eta Grosetik hiriko periferia kontsideratzen den auzo batera joan naiz bizitzera lehen aldiz. Ohartu naiz «erakusleihoan» dauden auzoetan ze presioa dagoen; ikusi dut periferiako auzoak nabarmen direla bigarren mailakoak udalarentzat; eta azkenik, sentitzen dut ez dutela lortu gu Donostiatik botatzea, eta hemendik lanean jarraituko dugula hiri bizi baten alde.
Txomin Campo Mendizabal
Porrontxo Jaietako eta Donostiako Piratetako kidea
Egia esateko, 2019an oso lanpetuta ibili naiz arlo askotan. Alde batetik, auzoan, Egian, lanean gabiltza jai eredu zaharkituaren birmoldaketa lantzen eta gauzatzen. Jai batzordeak bere lanarekin jarraitzen du, udalaren aldetik zenbait oztopo eta arazo iritsi arren. Hala ere, irakurketa positiboa egin dugu, eta, ni militante gisa, eta eragilea bera ere, oso pozik gaude. Ea 2020. urtea 2019a bezain ona izaten den!
Donostiako Piratei dagokienez, gustura nabil. Lan asko egin behar izan dugu esparru honetan ere, eta beste urte batzuetan baino ardura gehiago hartu ditut nire gain. Hala ere, positiboa da ikustea gauzek aurrera jarraitzen dutela, eta batzuetan bideko zuloren bat topatu arren, eta gorabeheraren bat izan arren, uste dut piraten mugimenduan soberan indar egon dela Aste Nagusia aurrera ateratzeko, baita datozen urteetakoak ateratzeko ere. Laburbilduz, pozik nago 2019. urtearekin.