Itzaltzen ari diren hiriko argiak
Betiko merkataritzaren galerak kaleak biluzten ditu, auzoetako komunitateak deseginez eta lehen berezia zena homogeneizatuz. Hamar urteko epean, Donostiako denden %21,7 galdu da, eta egoerak okerrera egiten du urtetik urtera.
Tantaz tanta, hiriko saltoki txikiak desagertzen ari dira. Prozesu isila da, oharkabean pasa daitekeena, baina bere ondorioak nabarmenak dira. Merkataritza txikiaren galera munduko hiri askok jasaten duten drama sozial bat da, eta Donostian indar handia hartu du azken urteotan.
Hiriko ekonomiaren barometroaren arabera, hamar urteko epean Donostiako merkataritza txikizkariaren %21,7 desagertu da; bost dendatik bat, alegia. Eta gaur egungo joera ez da itxaropentsuagoa. Izan ere, 2018an 2.653 saltoki txiki zenbatu ziren hirian, 2017an baino 106 gutxiago, eta azken urtean zehar zerrenda triste horretara batu direnak ere ugariak izan dira.
Betiko denden beherakada horrek kontraste argi bat dauka ostalaritzak hirian izan duen gorakadarekin alderatuta –azken bi urteetan, ostatu-sarea %25,6 hazi da–, eta bere zergatiak ere nahiko agerikoak dira. Ixten den saltoki bakoitzak bere errealitate propioa duen arren, nahikoa da horien jabeekin bost minutuz hitz egitea kasu gehienetan errepikatzen diren faktore batzuk daudela sumatzeko: errelebo falta, lokalen prezio ordainezinak, saltoki handien lehia, kontsumo eredu berrien eragina…
Etorkizuna beltz ageri da betiko merkataritzarentzat; errealitatea hori da. Baina badira horren aurrean etsitzeari uko egiten dioten dendariak. Haietako batzuk neurriak hartzeari ekin diote, eta Ba Gera elkartea sortu berri dute. Elkartea azaroan aurkeztu zuten, auzo guztietako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei ahotsa emateko helburuarekin, eta dagoeneko hiriko 50 bat establezimendu biltzen ditu. Benito Pastor bere bozeramaileetako bat da: “Udalak merkataritza txikiarekiko duen jarrerarekin ados ez gauden saltokien artean sortu dugu elkartea. Ez ginen inorengatik ordezkatuak sentitzen”.
Zailtasunak, gero eta larriagoak
Ziurrenik, dendari izatea ez da inoiz gauza erraza izan. Orain, ordea, inoiz baina zailagoa omen da, haiek esaten dutenez. Izan ere, Donostia gero eta leku arrotzagoa da saltoki bat ireki edo daukatena mantendu nahi duten herritarrentzako, hainbat arrazoirengatik.
Horietako bat, saltzaileen poltsikoan eragin zuzenena duena, akaso, hiriko lokalen prezioa da. Metro karratuaren garestitzeak ez die soilik etxebizitzei eragiten, eta dendarien ekonomiak ere gogor pairatu du lokalen alokairuaren igoera. “Espekulazioaren ondorioak jasaten ari gara”, azaldu du Pastorrek, “eta egoera eutsiezina bilakatzen ari da. Nola eskatu diezazkiokete 4.000, 5.000 edo 6.000 euroko alokairuak saltoki txiki bati?”.
Arazoa larria da, prezioek gora egin ahala, euren lokalak saltzea erabakitzen duten jabeak gero eta gehiago direlako. Eta, oraindik burbuilak eztanda egingo duen edo ez ikustear dagoen arren, dagoeneko, espekulazioaren olatuak saltoki txiki asko eraman ditu aurretik.
Gastuen areagotzea bezain larria da, baina, diru sarreren eskasia, eta, dendarientzat, saltoki handien eta merkataritza-guneen eragina ere itogarria izaten ari da zentzu horretan. Pastorrek azaldu du denda txikiek gero eta zailtasun gehiago dituztela haiek baino handiagoak direnekin lehiatzeko, eta erakundeen jarrerak balantza are gehiago desorekatzen duela adierazi du: “Udalak saltoki txikiak babestu nahi dituela errepikatzen du, baina gabonetako argietan eginiko inbertsio guztia Erdialdera doa, saltoki handiak dauden lekura, auzoak guztiz albo batera utzita”.
Zentzu berean, betiko merkataritza babesteko estrategiak eta merkataritza-guneen sustapena bateraezinak direla uste du Ba Gerako kideak: “Dbusek, udal zerbitzu batek, gabonetako kanpainan areagotu egiten du Garberara joateko eskaintzen duen zerbitzua. Zerbitzu publiko bat, zentro komertzial pribatu baten etekinerako. Ni gaztea nintzenean behintzat, diskotekek euren autobus propioa jartzen zuten bezeroak garraiatzeko”.
Epe luzera begira, ordea, gazteen kontsumo eredua da saltoki txikiak gehien kezkatzen dituen arrisku faktorea. Izan ere, dendariekin gertatzen ari den modura, bezeroen artean ere errelebo falta nabarmen bat sumatu dute. Internet bidez erosteko ohitura gero eta errotuagoa dago gizartean, eta horren aurka lehiatzeak erronka zaila dirudi; baina zerbait egin beharra dago.
Proposamenak ez dira falta
Saltoki txikien galera soilik dendarien arazoa ez dela ulertuta, erakunde publikoek modu baten ala bestean lagundu behar dietela uste dute Ba Gerakoek. Pastorrek dioenez, ordea, egun ez dago hiriko dendarien arazoei erantzuteko gai den udal politikarik: “Tarteka kanpainatxoren bat egiten dute, baina horrek ez du inolako eraginik gure errealitatean”.
Neurri eraginkorrak hartzeko lehen pauso gisa, udalak saltoki txikietako dendariak gehiago entzun beharko lituzkeela uste du Ba Gerako Kideak: “Badirudi batzuetan ez direla jabetzen gure hiriko errealitateaz. Eser daitezela gurekin, eta aztertu dezagun elkarrekin auzoak nola dinamizatu ditzakegun eta zein gizarte eredu nahi dugun”.
Pastorren ustez, egoera aldatzeko, oinarrizkoa da herritarrei saltokietarako irisgarritasuna erraztea: “Euskal Herriko beste hiri batzuetan, gabonetan zehar, TAOa kendu egiten dute. Eta, probintziako jendearentzat, adibidez, kanpoaldean disuasio-aparkalekuak jarri ditzakete, hirira sartzeko doako garraio zerbitzuak eskainiz”.
Horrez gain, dendarien estutasun ekonomikoak arintze aldera, erakundeek saltoki txikiei jartzen dizkieten zergak murriztea proposatu du Ba Gerako kideak: “Proportzioan, gu baino handiagoak direnek baino askoz diru gehiago ordaintzen dugu zergatan, eta horrek ez luke horrela izan behar”.
Besteak beste, saltoki txikiek ordaintzen duten zabor tasa murriztu egin beharko litzatekeela nabarmendu du Pastorrek: “Dendariok bizilagunek ordaintzen dutenaren bikoitza jarri behar dugu, herritarren %90ak saltoki batek baino zabor gehiago sortzen duenean. Gure ustez, horrek ere ez dauka zentzurik”.
Gizarte eredua jokoan
Saltoki txikiak saltoki txikiak baino gehiago direla ulertarazi nahi du Ba Gerako kideak: “Gizarte eredu batez ari gara hitz egiten”. Bere ustez, dendarik gabeko etorkizun batean, hiriko kaleek euren “gizatasuna” galduko lukete, herritarren arteko harremanak deseginez.
Dendariek hainbatetan salatu izan dute betiko merkataritzaren galeraren ondorioz adineko jende asko gero eta galduago sentitzen dela hirian, euren erreferentziak galdu dituztelako. Horrekin batera, ugariak dira azken urteotan Donostian galdu diren edo galtzear diren aspaldiko ofizioak, eta kezkagarria da ere lehen herritarren jabetza ziren lokalak enpresa handien esku geratzen ari direla, gero eta neurri handiagoan.
Saltoki txikiak desagertzen ari dira. Hain zuzen, gauez kaletik ibiltzea besterik ez dago, lehen dendak zeuden lekuetan orain argia falta dela nabaritzeko. Donostia itzaltzen ari da, bai, baina dendarien grinak erakusten du etorkizunak ez duela zertan iluna izan behar.
Eta, zer diote hiriko dendariek?
“Arazo bat baduzu, etxe azpiko dendan laguntzeko prest dagoen norbait topatuko duzu”
Oscar Gonzalez
RUCAL ELEKTRIZITATEA · 1969tik zabalik · Parte Zaharra
“Egia esateko, gauzak oso gaizki daude. Alde batetik, merkataritza-guneek, saltoki handiek eta Internetek sekulako mina egiten digute, eta, bestetik, zerga eta kontrolekin izugarri estutzen gaituzte. Gauzak horrela, bizirautea besterik ez zaigu geratzen. Parte Zaharrean behintzat, erresistentzia gara. Nire ustez, jendeak ulertu behar du saltoki txikiek balio erantsi bat dutela bezeroarekiko tratuan. Ezer ez erosi arren, guk behar dituzten azalpenak ematen dizkiegu, beti. Arazo bat baduzu, etxe azpiko dendan laguntzeko prest dagoen norbait topatuko duzu”.
“Saltoki txikiaren egoera zerotik hamarrera kalifikatu beharko banu, bi bat jarriko nioke”
Ana Arias-Camison
LOOK ARROPA-DENDA · 1976tik zabalik · Erdialdea
“Gure denda urteko sasoi guztietan etorri izan diren bezero iraunkorrekin mantendu da betidanik, baina hori aldatzen ari da. Guk maila erdi-altuko produktuak eskaintzen ditugu, baina, gaur egun, gazteek sei hilabeteko iraupena duten arropak erosten dituzte. Nahiago dute asko aldatu eta asko kontsumitu, hamar urte iraungo dizkieten kalitatezko produktuak erostea baino. Hor arazo handia dugu, testuinguru horretan ezin dugulako lehiatu. Saltoki txikiaren egoera zerotik hamarrera kalifikatu beharko banu, bi bat jarriko nioke”.
“Dena ez da saltzea. Bezeroekin harremana dugu, eta haien etxekoa banintz bezala sentitzen naiz”
Mikel Arrillaga
MIKEL HARATEGIA · 1993tik zabalik · Antigua
“Antigua herri txiki baten modukoa da, eta, zorionez, hemen betiko dendak jende asko mugitzen du oraindik. Saltoki txikiek gertutasuna eskaintzen dute; dena ez da saltzea. Hona datorren bezeroak gurekin hitz egiten du. Harreman bat dugu, eta hori oso baliotsua da. Ni haien etxekoa banintz bezala sentitzen naiz. Hala ere, ez da erraza supermerkatuekin lehiatzea. Udalak askotan esaten du saltoki txikiei lagundu egin behar zaiela, baina gero merkataritza-gune gehiago eraikitzeko baimena ematen du. Gauza bat esaten dute, gero bestea egiteko”.
“Betiko saltokien eta auzoen bizitzak loturik daude, bata hiltzen bada, bestea ere hil egingo delako”
Pili Citores
CITORES ZAPATA-DENDA · 1969tik zabalik · Egia
“Lehen, zapatak saltzen genituen, baina salmenten beherakadak behartuta, hori utzi eta zapatak konpontzeari ekin genion duela urte batzuk, dendarekin jarraitu ahal izateko. Orain, ordea, egoerak okerrera egin du berriro. Auzoetako merkataritza hilzorian dago, eta hemen jarraitzen dugunok halabeharrez bizirauten dugu, laguntzarik gabe. Erakundeek trabak besterik ez dizkigute jartzen, eta laguntzekotan, merkataritza-guneak laguntzen dituzte. Betiko saltokien eta auzoen bizitzak, ordea, loturik daude, bata hiltzen bada, bestea ere hil egingo delako”.
“Metroaren geltokia Kontxan jarriz, auzoetako dendak hiltzera kondenatzen dituzte”
Lola Alonso
LA DALIA MERTZERIA · 1929tik zabalik · Gros
“Mirakruz kalean aspaldiko komertzio batzuk irauten dugu, baina beste asko itxi egin dira, eta kaleak itxura nahiko tristea du. Hemen lehen egundoko bizitza zegoen, baina, itxiera bakoitzarekin, hori galtzen joan da. Jendearentzat, hona iristea ez da erraza, parean dugun errepidea oso azkarra delako, eta gelditzea ezinezkoa da. Iruditzen zait herritarrak hondartza aldera bideratzen dituztela. Metroaren geltokia Kontxan bertan jartzen dute, eta auzoetan gauden saltokioi hiltzera kondenatzen gaituzte”.
“Ni jubilatzerakoan, denda desagertu egingo da, nire semeek ez dutelako harekin jarraituko”
Benito Pastor
ABAR INFORMATIKA · 1992tik zabalik · Amara Berri
“Hiriko denda asko errelebo faltagatik ixten ari dira. Niri kasuan, hala izango da. 30 urte daramatzat dendarekin, baina jubilatzerakoan, denda nirekin desagertuko da, nire semeek ez dute dendarekin jarraituko. Eta arazo horri gehitu behar zaio saltoki berriak irekitzeko zailtasuna. Izan ere, hasten diren gehienek ez dute bi urteko iraupena ere izaten. Honekin guztiarekin zer galduko den? Ba, kaleen gizatasuna. Auzoetako saltokiak herritarren arteko komunikazioa dira, elkarguneak dira, eta horiek defendatuz, gizarte eredu bat defendatzen ari gara”.