Uzta askotarikoa zinemagintzan eta literaturan
Hamarkadari amaiera ematen dion urte honetan ere askotariko egileak aritu dira Donostian euren jardun artistikoa burutzen. Zinemagintzari eta literaturari jarri diegu arreta berezia.
Hiri bizia da Donostia kulturari dagokionez ere: asteroko kontzertuak, antzerki emanaldiak, erakusketak, museoak… Zaila litzateke urtebetean Donostiak hartzen duen eskaintza kulturala osotasunean laburtzea.
Hiri bat fokupean
Zinemaldiak estu lotzen du Donostia zinemarekin, urteroko nazioarteko eta bertako zinemagintzarentzat zita garrantzitsua baita festibala.
Horrez gain, aurten hirian grabatutako zenbait ikus-entzunezkok izan dute protagonismoa. Udan zehar Woody Allen zinema-zuzendaria bere hurrengo filma grabatzen aritu da Donostiako kaleetan zehar. Hain zuzen ere, Zinemaldian kokatutako istorio bati buruzkoa izango da filma.
Zenbait unetan hiriko hainbat gune erabat edo zati batez itxi behar izatea ekarri du grabaketak, eta udalak zinemagileari eginiko harrera ere ez da guztien gustukoa izan. Hala eta guztiz ere, eta modu batera edo bestera ikusmin handia sortu du Woody Allenen filmaren grabaketak.
Estatubatuarrarena, ordea, ez da izan hirian grabatu den ikus-entzunezko bakarra, eta Fernando Aranburu idazlearen Patria eleberrian oinarritutako izen bereko telesaila grabatzen hasi ziren udaberrian, hainbat euskal aktoreren parte-hartzearekin.
Parte Zaharrean kokatu dira bi ikus-entzunezkoon zenbait eszena, eta bertatik ez da asko urruntzen Elbira Zipitriaren bizitzaren inguruan Maider Oleagak eginiko Muga deitzen da pausoa filma, Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakian zuen etxean zabaldu baitzuen eskola klandestinoa Zipitriak. Beste zenbait gauzaren artean euskara ikasi eta irakasteko metodo bat asmatu zuen intelektual, politikari, irakasle eta idazleak. Iaz aurkeztu zuen filma Oleagak, eta aurtengo maiatzean omendu dute Zipitria Donostian, bere jaiotzaren 113. urteurrenean.
Horiez gain, hiriko ekoiztetxeek lan sonatuak argitaratu dituzte aurten. Moriarti ekoiztetxekoek La trinchera infinita filma aurkeztu dute, Donostiako Zinemaldian lau sari jaso dituena. Aritz Morenok, halaber, Antonio Orejudoren Ventajas de viajar en tren nobela eraman du pantaila handira, Goya sarietan zenbait izendapen eskuratuz. Maider Fernandez donostiarrak, aldiz, bere lehen lan luzea zuzendu du, garun-paralisiarekin jaiotako Jordiren bizipenak kontatzen dituen Las letras de Jordi dokumentala.
Zaharrak eta berriak
Literaturari dagokionez, dagoeneko ibilbide luzea egin duten idazleak zein ibilbide luze baten abiaburuan daudenak izan ditugu aipagai urtean zehar.
Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi (Antigua, 1929-2012) pentsalari, idazle eta politikaria omentzeko hainbat ekitaldi egin dira aurten, eta EHUko liburutegiko areto bati bere izena eman diote. Miren Rubio Iturriak, gainera, Txillardegi. Batasunaren pentsalaria biografia argitaratu du.
Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) Egunero hasten delako eleberria argitaratu zuenetik 50 urte igaro direla-eta zenbait ekitaldi egin dira urtean zehar, eleberriaren berredizioarekin batera. Aurten, bestalde, nobelagile jardunari eusten diola erakutsiz liburu berria aurkeztu du Saizarbitoriak: Miren eta erromantizismoa. Joan Mari Irigoienek (Altza, 1948) ere, Babilonia nobela arrakastatsutik 30 urtera, Derbia nobela argitaratu du.
Nobelagintzarekin jarraituz, Beñat Sarasolak (Gros, 1984) bere lehen nobela argitaratu du aurten: Deklaratzekorik ez. Lucia Baskaranek (Zarautz, 1988), aldiz, bigarren eleberria argitaratu du: Cuerpos malditos.
Saiakeraren arloan, Ane Labaka eta Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileek Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua koordinatu dute.