Piroteknia zentzuz erabiltzeko eskatu du udalak
Donostiako Udaltzaingoak piroteknia erabiltzeak hiritarrengan ekar dezakeen arriskuaz eta trabaz ohartarazi du. Horregatik, material horren salmenta eta erabilera kontrolatzen ari da egunotan, material piroteknikoa era irregularrean sal dezaketen saltokien ikuskapena areagotuz.
Material piroteknikoaren arriskua azpimarratu dute segurtasun agintariek gero eta gehiago erabiltzen baita, batez ere gazteen artean. “Eremu publikoan erabat debekatuta dago, eta, erabiltzen bada, segurtasun-neurri egokiak hartu behar dira”, adierazi du Martin Ibabek, Babes Zibileko zinegotziak. Horrelako tresnak baimendutako establezimenduetan erosi behar direla gaineratu du.
Hain zuzen ere, lehergailu piroteknikoak saltzeko baimena duen dendak badaude. Denda horiek baimen berezia dute saltzeko, une oro ikusgai izan behar dute eta segidako baldintzak bete behar dituzte: saltzeko unitatea paketea da eta, beraz, ezin dira aparte saldu; lehergailu pirotekniko bakoitzak erabiltzeko gutxieneko adina du eta horiek errespetatu behar dituzte; saltzen dituzten produktuek CE ikurra izango dute eta katalogatuta egongo dira; eta, ondorioz, debekatuta dago lehergailu piroteknikoak kalean saltzea.
“Urte zahar gaua jai giroan pasatzeko gaua da, eta lanean ari gara edozein gorabehera saihesteko. Horregatik, berriro diot herritarren laguntza behar dela, nahiz eta material hori ez erabiltzea segurtasun arauetako onena den”, azpimarratu du Ibabek.
Udaltzaingoaren gomendioak
Piroteknia erabili nahi duten herritarrei hainbat gomendio eman nahi dizkie udaltzaingoak: ez gorde lehergailurik poltsikoetan; ez manipulatu lehergailuen osagarririk eta ez atera lehergailuen osagarririk; ez bota petardorik pertsona edo animalien kontra; ez bota eskuekin. Artikulua lurrean jarri beti eta metxa albotik piztu. Horrenbestez, jaurtitzaileak petardotik urruntzeko denbora izango du; adi egon inguruan su hartu dezaketen lehergailurik edo likidorik egon ez dadin; ez jarri petardorik adreiluetan edo botilatan. Lehertzen direnean metraila sortu dezakete; artikuluak saltokietan eta baimendutako profesionalei erosi; eta baldin eta petardo bat ez bada ondo pizten ez ukitu ordu erdi pasatu arte.