Sarek ekitaldi berezia egingo du Atano pilotalekuan urtarrilaren 19an
Pasa den larunbatean, Sare mugimenduak Motxiladun Haurren Kalejira egin zuen Donostian. Gaur egun, 105 haur daude aita, ama edo biak espetxean dituztenak. Bizi duten egoera salatzeko ehunka pertsona elkartu ziren Bulebarretik abiatu zen martxan.
Urtarrilaren 19rako deitu dute hurrengo ekitaldia: Donostiako Atano pilotalekuan egingo dute, eta haur motxiladunak beraiek izango dira protagonistak.
Xua
Haur horietako baten kasuak hartu du protagonismo gehien: Xuarenak. Izan ere, haur jaioberriak kartzelan egoten dira 3 urte betetzen dituzten arte; orduan, gurasoengandik banantzen dituzte. Hori bera gertatuko zaio Xuari urtarrilean. 3 urte beteko ditu, eta Usurbilera (Gipuzkoa) joango da, amonarenera, gurasoak Valentzian utzita. “Gurasoak ikusteko 600 kilometro joan eta 600 kilometro etorri egin beharko ditu asteburuero”, salatu du Sarek.
Xua Gurasoekin Etxera plataforma sortu dute egoera salatzeko eta aldarrikatzeko hirurek etxera itzuli behar dutela. Izan ere, Xuaren aitak eta amak dagoeneko beteta dauzkate zigorraren hiru laurdenak.