Donostia Kulturak 30 urte beteko ditu aurten

2020a urte berezia izango da hiriko kultur zerbitzuentzat, izan ere, Donostia Kulturak 30 urte beteko ditu aurten, hiriko kultur eragile nagusia bilakaturik. Urteurrenaren harira, Eneko Goia alkateak adierazi du hasi berri den urteak hiriko kultur etxe sarea eta beste hainbat kultura-ekipamendu “balioan jartzeko” aukera emango duela, Donostiak kultura jarduera oparo bat duela azpimarratuz.
Hainbat udal-ekipamendu eta zerbitzu kudeatzeaz gain, Donostia Kulturak kalitatezko programazio eta jaialdiak antolatzen ditu, kultura-diziplina guztietan, eta, gainera, hiriko kultura-plataforma berriak sustatzen ditu, ekimen publikoak eta pribatuak bateratuz. Guztira 220 pertsona inguruk egiten dute lan hor, arlo desberdinetan banaturik: antzerkia eta dantza, kultur etxeak, artea eta erakusketak, ikus-entzunezkoa, festak, musika, liburutegi zerbitzua eta literatura…
Erakunde publikoaren urteurrenarekin batera, kulturaren arloan Donostiak garrantzizko beste hainbat berritasun jasoko ditu 2020an zehar, hala nola, Cristina Iglesias irlako itsasargian egiten ari den instalazioaren amaiera, Literaktum festibalaren sustapena, Urgulleko Hiriaren Historiaren Museoaren berrikuntza, San Telmo Museoa euskal sormenaren zentro gisa sendotzea eta Miramar Jauregian Richard Serraren eskultura bat jartzeko proiektua.