Bidebietako udal kiroldegiko gimnasioa berrituko dute, eta hilaren 22an irekiko dute
Bidebietako udal kiroldegiko gimnasioa handitzeko lanak hasi dituzte jada, eta hilaren 22tik aurrera egongo da erabilgarri. Kiroldegiko taberna zegoen tokian ikastaroak egiteko areto bat egiten ari dira, eta horrek kardio eta muskulazio gimnasioen azalera handitzea ekarriko du. Lanak direla eta, urtarrilaren 21era arte itxita egongo da gimnasioa, baina hilaren 7tik aurrera makina kardiobaskularrak erabiltzeko gune bat egokituko dute, eta ziklo-indoor aretoko bizikletak ere erabilgarri egongo dira.
Bidebietako gaur egungo kardio eta muskulazio gimnasioak 270 metro karratuko azalera dauka, ziklo indoor aretoa eta ikastaroetarako aretoa aintzat hartu gabe. Hilaren 22tik aurrera, 370 metro karratuko zabalera izango du gimnasioak, hiriko azalera handiena duen hirugarren gimnasioa izatera pasatuz, Paco Yoldi eta Benta Berriko kiroldegietakoen ondoren. Azalera handitzearekin batera, muskulazio guneko makina guztiak berrituko dituzte, baita kardio makina berri batzuk jarri ere, hala nola, korrika egiteko zintak eta eliptikoak. Berrikuntza horiek guztiak egiteko, 240.000 euro gastatuko ditu Donostiako Udalak.
Berritasun gisa, entrenamendu funtzionalerako areto bat izango du Bidebietako gimnasio berriak. Edozein pertsonarentzat egingarria den kirol ariketa errutina bat sortzea du helburu entrenamendu funtzionalak, eta duela urtebete jarri zuen udalak horrelako areto bat lehen aldiz Donostian, Benta Berriko kiroldegian, hain justu. Erabiltzaileen erantzuna ona izan da, eta Altzako kiroldegian ere horrelako areto bat jarri ondoren, Bidebietan jarriko dute orain, hiriko kiroldegi guztietan jartzeko asmoa baitute.
4.000 metro karratu
Udalak azaldu duenez, Bidebietako kiroldegiko berrikuntzekin, eta 2020an Loiolako Erriberakoan egingo dituztenekin, Donostia Kirola txartela duten pertsonek 4.000 metro karratu gimnasio izango dituzte eskuragarri, hiri guztian zehar. Hainbat auzotako kiroldegietan dauden sei ziklo-indoor aretoak (800 metro karratu) batu behar zaizkie horiei, ikastarorik ez dagoenean gimnasioetako erabiltzaileen esku baitaude.