Erraustegia martxoaren 3an jarri nahi du erabat martxan GHK-k
Usurbilgo Noauak argitaratutako informazioaren arabera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) bi hilabete barru jarri nahi du erabat martxan Zubietako erraustegia; martxoaren 3an, hain zuzen. GHK-k abenduaren 16an aukeratu zuen data, urte amaierako bere azken batzarrean, eta martxorako erraustegiaren azpiegitura guztiak martxan jartzen saiatuko da orain.
Noauak azaldu duenez, pizte ofiziala aurreikusitakoa baino beranduago iritsiko da, izatez, abendurako lan betean behar zuelako. GHK-ren azken bileran, erraustegia martxan jartzeko epea luzatzea onartu zuten kontsortzioko kideek. Hala ere, Zubietako azpiegiturak asteak daramatza probaldi fasean, eta inguruetako herritarrek hainbatetan salatu dute dagoeneko kea dariola.
GHK-k atzerapenaren inguruan esandakoak argitaratu ditu Usurbilgo hedabideak: “Erabakia hartu aurretik, informazio espediente bat ireki du GHK-k, atzerapen horren arrazoiak, Ekondakin emakidadunak alegatu dituenak, aztertzeko. Eskatutako txosten teknikoak aztertu ondoren, egiaztatu da 2017ko azarotik 2018ko uztailera bitartean izandako baldintza metereologikoek bost hilabeteko atzerapen justifikatua eragin zutela; atzerapen hori, beraz, emakidadunari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik gertatu da. Onartutako luzapenarekin, GIG martxoaren 3rako martxan izateko konpromisoa hartu du emakidadunak”.