Pardok eta Moyak denboraldi amaieran utzi dezakete Reala
Ruben Pardo erdilariak eta Miguel Angel Moya atezainak denboraldi amaieran utzi dezakete Reala, bien kontratuak ekainaren 30ean amaituko direlako. Gauzak horrela, urte hasieratik, euren etorkizuna beste klubekin negoziatzeko eskubidea dute biek.
Pardok 15 urtez jokatu du Realean, Rincon de Sototik (Espainia) soilik 12 urte zituela etorri zenetik. Taldearen etorkizuneko apustua izan da denbora luzez, eta hamaikakoan garrantzia izatea iritsi bazen ere, urtetik urtera gero eta minutu gutxiago jokatu ditu errioxarrak.
Moya, berriz, 2017-18 denboraldian iritsi zen Donostiara, Atletico Madriletik. Realak bere kontratua luzatzeko aukera izan du abenduaren 31ra arte, eta jokalariak taldean jarraitzeko gogoa zuela adierazi izan badu ere, klubaren zuzendaritzak ez du aurrerapausorik eman zentzu horretan. Hala ere, bi alderdiek oraindik negoziatzeko tartea daukate denboraldia amaitu bitartean.
Aipaturiko bi jokalariez gain, Realeko pisuzko beste jokalari batek amaituko du bere kontratua ekainaren 30ean. Izan ere, David Zurutuzak iazko apirilean iragarri zuen aurtengoa bere azken denboraldia izango zela klubean.