Piztu Donostia kanpaina abiatu dute 'mozal hiriari' aurre egiteko
Donostian ekintzaile zein eragile sozialen aurkako errepresioa gogortu egin dela salatu dute plataformaren aurkezpenean. Azaldu dutenez, azken bi urteotan udalak 289 isun jarri ditu herritarren lan politiko eta sozialak zigortzeko.
Herri mugimenduko eta sindikatuetako kideek osatu dute ‘Piztu Donostia soziala zibila eta politikoa’ kanpaina, “mozal hiriari” aurre egin ahal izateko mekanismoak proposatzeko. Trinitate plazan eginiko agerraldian azaldu dutenez, iaz Donostian 155 isun jarri ziren mozal legea baliatuz, 2018an baino %17 gehiago, eta, pegatinak edo pankartak jartzeagatik, poliziak 400 euroko isunak jarri izan dituela nabarmendu dute.
Kanpaina urtarrilaren 30eko greba orokorrari begirako ekarpen gisa aurkeztu dute, eta otsailera bitarte luzatuko da. Piztu Donostiako kideen arabera, “Donostian kritika soziala, sindikala ala politikoa oztopatzeko polizia politikoaren lana bideratzen dute Ertzaintzak eta Udaltzaingoak bere agintari politikoen irizpideak jarraituz”. Hain zuzen, hirian, poliziak Estatu mailako Mozal legea eta Donostiako Udalaren “Mozal ordenantza” baliatzen dituela zehaztu dute, azken bi urteetan jarritako isunak desobedientziagatik edo agenteei errespetua galtzeagatik ezarri direla azpimarratuz.
“Eskubide demokratikoen murrizketa” horri erantzuteko asmoz, ekintzaile sozialek sortu berri duten plataformak adierazpen askatasuna, biltzeko askatasuna eta mobilizatzeko askatasuna aldarrikatuko ditu. Egitasmoak bi helburu ditu: batetik, “egungo egoera tamalgarriaren berri ematea”, eta, bestetik, “eskubide sozial, zibil eta politikoen bermea lortzea helburu duten hiru egitura martxan jartzea”.
Egitura horietako lehena Donostiako isunen protokoloa da, datorren asteetan zehar landuko dutena, herritarrek isun bat jasotzerakoan nola jokatu behar duten zehazteko. Bigarrena Eskubideen behatokia da, eta Ertzaintzak, Udaltzaingoak edo hiriko beste edozein segurtasun indarrek buruturiko eskubideen urraketen kontrola eta jarraipena egitea du helburu. Hirugarren egitura, berriz, Erresistentzia kutxa da, lan sozial, zibil edo politikoak egiteagatik jasotako isunak diru bilketen bidez ordaintzen laguntzeko sortu dutena.
Datozen egunetako mobilizazioak
Urtarrilaren 30eko greban parte hartzeko deia zabaltzeaz gain, Piztu Donostiako kideek hainbat mobilizazio iragarri dituzte datozen asteetarako. Lehena urtarrilaren 13tik 20ra bitarte egingo duten Adierazpen Askatasunaren Astea izango da, eta epe horretan eragile sozialek hiria kartel eta pegatinez bete dezatela eskatu dute.
Egun batzutara, urtarrilaren 25ean, martxa bat egingo dute Amara Berriko Pio XII plazatik Udaltzaingoaren Easo kaleko komisaldegira arte, eta otsailaren 1ean, berriz, Ertzaintzaren Antiguako komisaldegiaren aurrean elkartuko dira greba orokorraren balantze errepresiboa egiteko. Azkenik, otsailaren 15ean, udaletxetik Egiako epaitegira joango den manifestazio bat egingo dute, Mozal legea eta “Mozal ordenantza” bertan behera utzi ditzatela exijitzeko.
Goizeko agerraldia amaitzeko, Beñat eta Unai Gaztelumendik idatzitako Ez dakit ahorik ixten koplak abestu dituzte Piztu Donostiako kideek, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako garailearen laguntzarekin.