Xabi Tximeno presoa Amara Berrira itzuli da

1995 urtetik preso egon den Xabier Tximeno auzotarra Amara Berrira itzuli da. Atzo arratsaldean atera zen Burgoseko kartzelatik, 24 urtez Frantzia eta Espainian preso egon ostean, ezarritako kondena beteta.
Frantzian atxilotu zutenetik, espetxe ugaritatik pasa da preso donostiarra: Baiona, Fleury, Fresnes, Uzerche, Limoges, Soto, Navalcarnero, Valdemoro, Picassent, Villena, Zaballa, Langraitz eta Burgos. Frantziako kartzeletan beteriko zigorra kontabilizatu izan baliote, 2016tik libre egongo litzateke, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiak arrazoia eman zion Espainiako Gobernuari.
Tximeno espetxean denbora gehien daramaten hamabost presoen artean zegoen. Atzo, ordea, bere auzora bueltatu ahal izan zuen, Burgosen harrera egin zioten senide eta lagunekin batera.