Intxaurrondoko bizilagunek auzoko autobus zerbitzua areagotzea nahi dute
(Argazkia: Estitxu Zabala) Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (Izbe) salatu duenez, auzokide askok ez daukate garraio publiko bidez herritarren oinarrizko zerbitzuetara iristeko aukerarik. Hain zuzen, jende askok osasun-etxera, hezkuntza zentroetara, kiroldegira edo saltokietara joateko zailtasunak dituela adierazi dute elkartetik, eta gune horien arteko lotura bermatuko lukeen autobus zerbitzu bat eskatu diote udalari.
Azaldu dutenez, Intxaurrondo batuko lukeen zerbitzu bat nahi dute: “Auzoa zeharkatzen duten autobus lineak ez dira pentsatu Intxaurrondoko gune ezberdinak lotzeko”. Irtenbide gisa, gune horien arteko ibilbidea egingo lukeen mikrobus linea bat sortzea proposatu dute, eta aldarrikapen horrekin, antolatzeari ekin diote. Gauzak horrela, asteazkenean 19:00etan Larrotxene kultur etxean biltzera deitu dituzte auzotarrak, indarrak batu eta “auzo jasangarri eta irisgarriago bat” lortu ahal izateko.


