Antzerkigintza Berriak programan izena emateko epea ireki dute
Donostiako 2016ko Kultur Hiriburutzaren baitan sortutako Antzerkigintza Berriak programa antolatu dute bosgarren urtez jarraian, Viktoria Eugenia Antzokiak, Gasteizko Principal Antzokiak eta Bilboko Arriaga Antzokiak elkarlanean. Sortzaile eta antzerkigileen sare bat sortzea du helburu programak, bakarkako lana eta talde lana uztartuz, antzerkigintzako materialak sortzeko harrobi bat eratzeko eta antzerki testu berrien sorkuntza sustatzeko. Hala ere, antolakuntzak argitu du testu berri horiek ez dutela zertan zentzu abangoardistarik izan behar.
Izena emateko epea hilaren 31ko 18:00etara arte egongo da zabalik, eta arteeszenikoak@donostia.eus helbidera idatziz egin behar da. Izena eman nahi duen orok honako dokumentazioa bidali beharko du, euskaraz edo gaztelaniaz: NANaren eta/edo Europar Batasunean bizi dela egiaztatzen duen dokumentuaren fotokopia, Curriculum Vitaea, arrazoiak agertzeko gutuna eta 500 eta 300 karaktere arteko testu bat (zuriuneak barne), egin nahi den proposamen eszenikoaren abiapuntua deskribatuko duena. Deialdiaren oinarriak Donostia Kulturaren webgunean kontsultatu daitezke.
Izena ematen duten pertsona guztien artean, gehienez zortzi sortzaile hautatuko dituzte, eta antzezlan bana prestatu beharko dute. Tutore profesional batzuen laguntzaz egingo dute prestakuntza, aipatu hiru antzokietako laborategietan. 2020ko martxoa eta maiatzaren artean egingo dituzte laborategi horiek, eta garatutako antzezlanetatik hiru eszenaratuko dituzte, eta antzoki bakoitzak hautatutako obrak erakusteko konpromisoa hartuko du. Bestalde, hautatutako sortzaileek 3.300 euroko diru-laguntza eskuratuko dute, proiektuan aritzea eta beharko dituzten dietak konpentsatzeko. Hiru antzokietako ordezkari banak osatuko du balorazio batzordea, eta otsailaren 18an jakinaraziko dituzte hautatutako sortzaileak.