Aquariuma izan da Gipuzkoako museorik bisitatuena 2019an
331.170 pertsonak bisitatu dute Aquariuma 2019.urtean, eta Gipuzkoako museorik bisitatuena izan da. Era berean, Euskal Herriko bigarren bisitatuena izan da, Gugenheim museoaren ondotik. Museoak jakinarazi duenez, bisitarien %15,72 gipuzkoarrak izan dra, %8,38 bizkaitarrak, %3,43 arabarrak eta %7,53 nafarrak. Atzerriko bisitariei dagokionez, Madrileko erkidegokoak dira gehiengoa, hain zuzen, %2,87 izan dira; jarraian, Bartzelonako probintziatik etorritakoak daude, %1,14. Aquariumekoen arabera, azpimarratzekoa izan da Italiatik eta AEBetatik etorritako turisten kopuruaren gorakada. Uztaila eta abuztua izan dira museoak bisita gehien jaso dituen hilabeteak: uztailean 43.958 bisitari, eta abuztuan 55.116.
Bisita arruntez gain, antolatutako egitasmo eta jardueren balorazio positiboa egin du Aquariumak, eta baieztatu dute urtean zehar museoa “indartzen joan dela, eskaintzen dituen zerbitzuak zabalduz eta indartuz”. Horiek dira, besteak beste, museoko hainbat guneren alokairua, Zorionak zerbitzua, Arrainekin lotan egitasmoa, urperaketak, sarrera eta irteera zuzena duen Aquariumeko denda eta Aquarium Bokado Jatetxea.
Gainera, 30.000 ikasletik gora parte hartu dute Dibulgazio Sailak antolatu dituen bisitetan. Halaber, familientzat antolatutako jarduera bat nabarmendu dute: arraiez inguratuta lo egiteko aukera. “Jarduera horren helburu nagusia da ingurumenaren aldeko mezua zabaltzea, eta ahaztezinezko esperientzia bat bizitzeko aukera ematea”, azaldu dute antolatzaileek. Dibulgazio taldeak hainbat erakunde sozial, elkarte eta pertsonarekin ere kolaborazioak egin ditu azken zazpi urteetan, eta Aquariumetik kanpo egitasmoak antolatu dituzte haiekin batera. Museoan bi erakusketa areto daude, eta 2019an zehar, hainbat erakusketa egon dira ikusgai; orotara, hamabi artistak erakutsi dituzte euren lanak.
Museoko Biologiako Sailak joan den urtean jaiotako lau “arraia txikien” bizitza azpimarratu du. “Emearen arrautzak atera ondoren, eta adaptazio eta biologia lanak medio, enbrioien ongizatea lortu dugu; gaur egun, lau arraiak ozeanarioan bizi dira, Txuri eta Kontxita marrazoekin. Azaldu dutenez, beste momentu garrantzitsu bat izan da Elkano dortokaren askatzea. Urriaren 3an askatu zuten Kantauri itsasoan, “Bizkaiko Kontserbazio Zentroko eta Aquariumeko adituek sustatutako “errekuperazio prozesu luze” baten ondoren.
2020ra begira “erronka berriak” ditu Aquariumak, eta jasangarritasunarekin eta iraunkortasunarekin lotutako hainbat proiektu ari dira antolatzen; esaterako, mikroplastikoen inguruko lanketa egingo du EHUrekin, Elkanori buruzko erakusketa berri bat antolatuko du.