Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal presoak otsailaren 11n aterako dira kartzelatik
Berria egunkariak argitaratu duenez, Jon Enparantza Antiguako bizilaguna eta Arantza Zulueta otsailaren 11n aterako dira kartzelatik, aurreikusitakoa baino ia hilabete lehenago. Iazko irailaren 16an 11/13 auzian epaitu zituzten 47 pertsonetatik, kartzela zigorra jaso zuten bakarrak dira Enparantza eta Zulueta. Martxoaren 1ean ziren ateratzekoak bi presoak, baina zigorra beteta aterako dira otsailaren 11n, hogei egun murriztu baitizkie Espainiako Espetxeetako Erakundeak, atxiloaldian pasatutako egunengatik, bere garaian pasaportea kendu zietelako eta behin-behinean libre egondakoan sinatzera joandako egunengatik.
Hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi eguneko kartzela zigorra ezarri zioten Zuluetari, eta bi urte, zazpi hilabete eta hiru egunekoa Enparantzari. Biak irailaren 30ean sartu ziren Zaballako kartzelara. Urrian, ordea, Enparantza Madrilgo Estremerako kartzelara eraman zuten, eta Valentziako (Herrialde Katalanak) Picassentekora Zulueta, azaroan. Enparantzaren familiak “bahiketa” salatu zuen, lau egunez ez zutelako donostiarraren inguruan berririk izan, baina Espetxeetako Erakundeak esan zuen lekualdatzea “arrunta” izan zela, ez “zuzena”. Lekualdatze zuzenak egun batekoak dira, beraz, Espetxeetako Erakundeearen arabera, Enparantzarena bost egunekoa izan zitekeen.