Nora Alberdiren 'Kuraiosa' filma, urtarrileko Bagera elkartearen zineforumean
Bagera euskaltzaleen elkarteak zineforuma antolatzen du hilean behin, eta urtarrilean, Nora Alberdiren Kuraiosa pelikula proiektatuko dute. Koldo Mitxelena Kulturunean izango da, urtarrilaren 14an, 18:30ean, eta proiekzioaz gain, solasaldia egingo dute. Horretarako, han izango da Alberdi bera, eta Ander Gisasolak gidatuko du solasaldia. Nora Alberdiren lehen lana da, eta bere Ikus-Entzunezko ikasketen gradu amaierako proiektua izateaz gain, iaz Sorkuntza Beka jaso zuten egitasmoetako bat da.
Hona hemen dokumentalaren sinopsia: Antzoki ilun bat, pantaila zuri bat, lau ahots eta pertsona bat. Pantailan agertzen diren lau pertsonek euren gelako leihoa ireki eta barnean gordeak izan dituzten bizipenak eta sentimenduak xuxurlatzen dizkiete antzokian dagoen ikusleari; hala, bere gela propioa arakatzeko beharra sentituko du. Kolokan jarriko duten gai zerrenda askotarikoa da: emakume edo gizonezko sortu izana, edertasuna, konplexuak, plazera, maitasuna, orientazio sexuala eta polimaitasuna. Nortasun hegemonikoaren atzean, ikusle bakoitza ere bere nortasunaren inguruan hausnartzen hasiko da.