Udaberriko Kutxa Kultur Geletan izena emateko epea bihar zabalduko dute
Kutxa Kultur Gelak programaren ikastaroetan izena emateko epea bihar zabalduko dute, urtarrilaren 8an. Udaberriko jarduerak otsailean hasiko dira, eta 2020ko ekainean amaituko dira. Izen emate epea, aldiz, urtarrilaren 22 arte luzatuko dute.
Aurtengo udaberrirako Kutxa Kultur Gelen programazioak jarduera tekniko eta artistikoak barnebiltzen ditu, baita jarduera gastronomikoak, ohitura osasungarriekin lotutako ikastaroak eta teknologia berriekin zerikusia dutenak ere. Era berean, bisita gidatuen formatuan, ibilbide tematikoak egingo dituzte hirian zehar, eta Oh My Walk! enpresak dinamizatuko ditu. Jarduera gehienak Tabakaleran izango dira, nahiz eta beste batzuk Kutxa Ekogunean, Gipuzkoako Argazkilari Elkartean eta La Perla kirol-gunean ere izango diren.
Kutxa Fundazioak diruz laguntzen ditu jarduera horiek, eta prezio murriztua eskaintzen die Kutxabankeko bezeroei. Antolatzaileek jakinarazi dute izen ematea ezinbestean www.kutxakultur.eus/eu/aulas webgunearen bidez egin beharko da. Bihar zabalduko dute epea, eta irekita egongo da urtarrilaren 8ko 9:00etatik urtarrilaren 22ko 14:00ak arte. Baldintza bakarrak dira 18 urte beteta izatea, eta banku txartel baten jabe izatea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, garrantzitsua da banku txartela eskura izatea izen ematea egin bitartean, baita inprimakia betetzea, eta eskaera bat egitea parte hartu nahi den jarduera bakoitzeko. Kobrantza eskaeraren unean egingo da banku txartel horren bidez, eta mezu elektroniko bat jasoko du erabiltzaileak izen ematearen egiaztagiriarekin. Izen ematearen agiria gorde egin behar da frogagiri gisa.