Emakumeen Etxeak urtarriletik uztailerako jarduerak aurkeztu ditu
Emakumeen Etxeak prest dauka urtarriletik uztailera bitarteko programazioa. Ikastaroetan izena emateko epea urtarrilaren 13tik 26ra izango da, eta betetzen ez diren ikastaroen izen emate epea, ikastaroa hasi arte luzatuko dute. Izen ematea online egin beharko da, Emakumeen Etxeko webgunean; antolatzaileek jakinarazi dute etxean bertan ordenagailu batzuk daudela horretarako, inork prozedura egiteko “laguntza beharko balu”. Ikastaro eta zerbitzu guztiak doakoak izango dira, eta pertsona bakoitzak gehienez hiru ikastarotan eman ahal izango du izena.
Emakumeen Etxea emakumeen topagune bat da, prestakuntza jasotzeko eta gogoeta nahiz ekintzak egiteko. Horretan, zerbitzuak, tailerrak, ahalduntze taldeak eta jarduerak eskaintzen dizute 2010az geroztik, “emakumeen bizimodua hobetzeko, eta berdintasun handiagoko gizarte bat lortzeko”.
Tailerren barruan, honakoetan eman daiteke izena: Autodefentsa ikastaroak, Sexualitatea eta ikuspegi feministak, Osasun mentala ikuspegi feminista eta soziokulturaletik, Emakumeak eta zuzenbidea, Emakume filosofoen ondarea, Emakumeak eta filosofia, Zientzia ona: ezinezkoa emakumerik gabe, Emakumeak eta zientzia eta Brikolajera. Ahalduntze taldeen artean, Autodefentsa feminista, Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko emakumeak, Jatorri askotariko emakumeentzako kulturarteko gunea eta Desgaitasuna duten emakumeen ahalduntze taldea daude. Azkenik, etxeak eskaintzen dituen zerbitzuak honakoak dira: Arreta eta bideraketa, Etxeko langileentzako aholkularitza, Aholkularitza juridikoa eta gizarte esku-hartzea, Lege aholkularitza, Gizarte aholkularitza, Norbanakoaren jabekuntzarako gunea, Aholkularitza laguntza taldea, Biluzik mundura, Igualate Ikasketak homologatzeko kanpainak, eta Ordenagailu eta Internet zerbitzua.
Urtarriletik uztailera bitarteko tailer, ahalduntze tailer eta zerbitzuen inguruko informazio osoa honako estekan aurkitu daiteke.