Musika eta Dantza Eskolak bideo sorta bat aurkeztu du, eskaintzen dituen 31 espezialitateen berri emateko
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Erabakita! proiektua aurkeztu du gaur udaletxean. Egitasmoa euskaraz grabatutako 31 bideotan datza, hain zuzen, bat eskolak eskaintzen duen espezialitate bakoitzeko. Horien helburua da espezialitateen ezaugarri nagusiak aurkeztea. Zortzi urterekin Musika eta Dantza Eskolako ikasleek instrumentua edo/eta dantza aukeratu behar izaten dute eta horretarako orientazio programa bat dauka Eskolak. Programa horretan instrumentu eta dantza espezialitate desberdinak ezagutu eta probatzen dituzte beraien irakasleen laguntzaz. Orientazio material pedagogiko hori osatzeko asmoarekin sortu da Erabakita!, hain zuzen, ikasleei aukeraketa horretan laguntzeko.
Bideoak 2018-19 eta 2019-20 ikasturtean zehar grabatu zituzten, eta bost eta zortzi minutu arteko iraupena dute; euskaraz grabatutako bideoek gaztelaniazko azpitituluak dituzte, denen “irisgarritasuna bermatzeko”. Urtarrilaren 8tik otsailaren 7ra bitartean, egunero bideo bat estreinatuko da, eta Youtuben egongo dira ikusgai.
Olatz Beobidek zuzendu ditu bideoak, eta Ignacio Arruek grabatu eta editatu. Gainera, aurkezle eta aktore lanak egin dituzte Oihana Maritorenak eta Joxean Malvidok. Honela azaldu dute bideoen sinopsia: “Ohianak zein instrumentu edo dantza motarekin hasiko den erabaki nahian dabil, eta Joxeanek, eskolan lan egiten duen garbitzaileak, aukera guztiak probestuko ditu gauzak bere erara egiteko”. Proiektua “ikasturte oso batean zehar ilusio eta mimo handiz egindako ahalegin erraldoiaren emaitza” dela gaineratu dute.