Noa & The Hell Drinkers taldeak bere disko berriko lehen singlea aurkeztu du
Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarrak prest du Craft Blues bigarren diskoa, eta lehenengo singlea aurkeztu berri dute: Devil’s Lullaby. Taldeak berak konposatutako abesti bat da singlea, izan ere, lehenengo diskoko abesti guztiak blues musikaren klasikoak baziren ere, disko berrian zazpi abesti propio eta Koko Taylor blues abeslariaren bertsio bat egongo dira. Noa Egiguren abeslariak IRUTXULOKO HITZAri Hamabietan Bermuta ataleko elkarrizketan esan zionaren arabera, konposatzeko grina sortu zaie: “Taldea sendotzen joan da, konposatzeko kuriositatea sortu zaigu eta zazpi abesti atera zaizkigu”.
Egigurenek berak, Sergio Villar gitarra-jotzaileak, Manu Gestido baxu-jotzaileak eta Gus Gonzalez bateria-jotzaileak osatzen dute taldea, beste hainbat musikariren kolaborazioak izan dituzte disko berrian: Paul San Martin piano-jotzailearena, Jon Aira gitarra-jotzailearena eta Les Fous abeslariena koruetan. Aurkeztu berri duten singlean, hain justu, San Martinek parte hartu du. Urtarrilaren 31n aurkeztuko dute diskoa Tabakaleran, eta sarrerak salgai jarri dituzte jada. Disko berria Kontzertuan bertan erosi ahal izango da, baita taldearekin sare sozialetatik harremanetan jarriz ere.