Pou anaiak, Euskal Itsas Museoko 'XXI. mendeko Elkanoak' zikloaren lehen protagonistak
Joan den azaroan inauguratu zuten Euskal Itsas Museoan Juan Sebastian Elkanori buruzko erakusketa, munduari bira eman zion espedizioaren 500. urteurrena dela eta. Elkano. Lehenengo Mundu Bira erakusketa 2020ko maiatzaren 31 arte egongo da ikusgai museoan, eta horren harira hainbat jarduera antolatzen ari da museoa. Esaterako, Elkanoren irudiari helduta, XXI. mendeko Elkanoak egitasmoa jarri dute martxan, gaur egungo abenturazaleen ahotsak jasotzeko. Lehen hitzaldiaren protagonistak izango dira Pou anaiak, eta ostegunean, hilaren 9an izango da, 19:00etan.
“Iker eta Eneko Pouk alpinismoan eta eskaladan esploratu gabeko bideak aurkitu eta irekitzeko grina partekatuko dute gurekin”, azaldu dute antolatzaileek. Honako galdera ere bota dute: “Haien bizimoduak, espedizioek eta abarrek, Elkanoren balentriarekin zerikusirik dute?”. Euskal Itsas Museokoen arabera, Eneko eta Iker Pouk (Gasteiz, 1974 eta 1977) planetako eskalada libreko “kordada onenetako bat” osatzen dute, eta bere proiektuen ezaugarri nagusiak dira balioaniztasuna, potentzia eta abangoardia.
Bigarren hitzaldia urtarrilaren 23an izango da 19:00etan, eta Julio Villar eta Kike de Pablo abenturazaleak izango dira hizlariak.